ELAk Tiebasen gertatutako lan istripua eta ondoriozko heriotza salatu du

2013/09/25
Tiebaseko lan istripua kontuan izanik, 4 langile dira dagoeneko Nafarroan hildakoak. ELAk bere atsekabea azaldu nahi die langile hauen senitartekoei eta lankideei. Egoera hau salatzeko, kontzentrazio bat egingo du bihar, osteguna, hilak 26, eguerdiko 12etan, Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean

ELAk istripuaren zirkunstantziak eta egon daitezkeen ardurak ikertzea exijitu du. Krisiaren aitzakia erabiliz, lan arriskuen prebentzioa enpresetan bigarren mailan geratzen ari da, eta kasu askotan, enpresariek haien ardurenganako utzikeria besterik ez dute agertzen.

Ezbehar-kopurua sortzen duten zergatiak behin eta berriz errepikatzen dira. Behin-behinekotasunak, azpikontratazioak, segurtasun neurrien faltak, formakuntzaren gabeziak, hau da, prekarietateak, ondorio larriak eta hilgarriak ditu; Tiebasen gertatutakoa dugu adibide.

Egunerokotasunean argi ikusten dugu arazo honi irtenbide eraginkorrak jartzeko administrazioak duen borondate politiko eskasa; neurri prebentiboen gainetik murrizketak daude, eta Nafarroako Gobernuak, gainera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko aurrekontua murriztu egin du berriz ere. Murrizketa hauekin ezin da Lan Osasunaren aldeko prebentzio politikarik egin. Ez dute ezertarako balio mahaiek, planek eta argazkiek baldin eta arduraz lan egin behar denean, segurtasunak eta osasunak ez badute lehentasunezko tokirik.

ELAren iritziz, langileen segurtasuna eta osasuna funtsezkoak dira. Egoera hau salatzeko, kontzentrazio bat egingo dugu hurrengo ostegunean, hilak 26, eguerdiko 12etan, Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean (Monasterio de Cilveti kalea, 4)