ELAk Udal, Jaurlaritza, Kristau Eskola eta Ikastolen Elkarteari La Milagrosari langileen eta familien interesak lehenetsiko dituen irtenbide bat ematea eskatzen die

2017/02/24
Duela hilabeteak La Milagrosa ikastetxea dela eta pizturiko arazoak bere horretan dirau. Gatazka honetan ardura eta interesa duten alde ezberdinek lehenbailehen irtenbide egoki bat eman ezean ikasturte bukaerarako ehunka famili ikastetxez aldatu beharrean aurkitu dira eta 40 langile kaleratuak izango dira.

Egoera honetara iristearen erantzule nagusia Miranda Fundazioa, ustez irabazi asmorik gabeko erakundea, eta bere diru gose ase ezina da. Eta honi lotuta, egoera honetan ikastetxeari, langile eta familiei irtenbide duin bat emateko ardura zuzena duten Kristau Eskola, udala eta Eusko Jaurlaritzarena.

ELAk gogor salatzen du gatazka honetan erakunde publikoek izan duten jarrera. Bai Barakaldoko Udalak baita Eusko Jaurlaritzak ere.

Duela bi aste ELAk bilera bat eskatu zion Barakaldoko alkate eta Miranda Fundazioko Lehendakariorde den Amaia del Campori. Honek, ordea, erabateko arduragabekeria azalduz, uko egin dio ELArekin biltzeari.

Eusko Jaurlaritzak, era berean, arazoa gainetik kendu nahi izan du bere ardura ez dela esanez eta familiei beraien seme-alabak beste ikastetxe batzuetan matrikulatzeko gonbitea eginez.

Kristau Eskolak, berriz azken hilabete hauetan desargertua egon da eta bakarrik utzi ditu bere kide den ikastetxeko langile eta familiak.

Eta azkenik Ikastolen Elkarteak langile eta familien interesei baina gehiago Barakaldon ezarri eta zabaltzeko bere interes propioei begiratzen dien proposamena ezarri du mahai gainean. Inolako bideragarritasun planik aurkeztu gabe langilei beraien eskubideei uko egin eta izugarizko esfortzua bere gain hartzea eskatzen dien proposamena, inolako bermerk gabe. Hau guztia Ikastolen Elkarteak inolako arriskurik bere gain hartu gabe.

ELArentzat ezinbestekoa da egoera honetan ardura edota interesa dutenen parte-hartze sendoa eta erakunde ezberdinen interesak baztertu gabe langileen eta familien eskubide eta interesak lehenetsiko dituen irtenbide duin bat. Posible dela uste dugu, aldeen borondaterik badago bederen.

Bukatzeko, hain garai gogorrak bizitzen ari diren langileei eta gurasoei gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu.