Emakumeak borrokan

2017/03/08
Emakume Langileen Nazioarteko Egunarekin batera, Bizkaiko zahar-etxeetako greba berriro kaleratu da. Oraingoan lau asteko lanuztea izango da; honez gero 108 greba egun egin dituzte. Gatazka honetan emakumeak dira protagonista eta, berarekin batera, antzeko beste greba batzuk ere goraipatu ditu ELAk.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia aretoan izan den ekitaldian ELAk omenaldia eskaini die borrokaren lehen lerroan dauden emakumeei. Gero, manifestazio bat izan da Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreraino. Bertan Bizkaiko erresidentzietako langileek protagonismo berezia izan dute, gaur ekiten baitzioten borroka eta mobilizazioko beste ziklo bati.

Bizkaiko zahar-etxeetan ELAko arduradun den Soraia Garciak aipatu duenez, “greba deialdi berri hau Emakumeen Nazioarteko Egunarekin batera hasi nahi genuen. Orain arte gatazka laboral eta soziala konpondu ez bada izan da emakumak garelako. Emakumeok pairatzen dugun diskriminazioa ez da lan-baldintzetan bakarrik islatzen; gatazkaren iraupena eta eragiten sufrimendua ere gogorragoa izaten ari da”.

Martxoak 8 2017 - Bilbo