Enplegu-zerbitzu publikoak eta prestazio sozialak indartzearen alde agertu da ELA

2016/06/15
ELAk enplegu-politika eta Lanbideren esku dauden gizarte-prestazioen inguruko txostena aurkeztu du. Sindikatuaren aburuz Lanbideri giza-bitarteko gehiago eta egonkortasun handiagoa eman behar zaizkio, prestazio ekonomikoak jasotzen dituen jendeari behar bezalako arreta emateko eta orientazio zein bitartekaritza lana banan-bana garatzeko.

Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna, Janire Landaluze azterketa bulegoko kidea eta Lanbideko ordezkariek parte hartu dute gaur goizean Bilbon txostenaren aurkezpenean. ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzaren enplegu-politika desegokia da gizarte-prestazioak urriegiak dira. "Gobernuak goitik behera aldatu behar ditu politika horiek eta bitarteko egokiak jarri arlo publikoan gauzak behar bezala egin daitezen".

Horretarako, Lanbideri giza-bitarteko gehiago eta egonkortasun handiagoa eman behar zaizkio, prestazio ekonomikoak jasotzen dituen jendeari behar bezalako arreta emateko eta orientazio zein bitartekaritza lana banan-bana garatzeko.

Bestalde, lanbide heziketako zentroak lehenetsi eta prestakuntza-planetarako funtsak sindikatuei eta patronalari esleitzea galarazi behar zaiela azpimarratu du ELAk. "Eskandaluzkoa da beren buruari patronalak, CCOOk eta UGTk esleitzen dioten dirutza. Hogei urtez honi buruz eztabaidatu ondoren ezin da euro bat ere bideratu patronalak edo sindikatuek kudeatutako planetara. Enplegurako prestakuntzaren xedea izan behar da hezkuntza-sistemako lanbide heziketako zentroen rola indartzea; hauek daude horretarako benetan prestatuta, egin beharreko hobekuntzak eginda".

Bestalde, ELAren esanetan EAEko Prestazio ekonomikoen sistemaren estaldura hobetu beharra dago, zenbatekoari zein eskubidea duten kolektiboak hedatzeari dagokionez.