Enplegua suntsitu da Hego Euskal Herrian

2017/04/27
Hego Euskal Herrian 9.000 pertsona gutxiagok dute enplegua azken hiruhilekoan, horietatik 1.600 gazteak direlarik eta gainontzekoak 55 urtetik beherakoak. Enplegua dutenen artean, %18,2 jardunaldi partzialean dabiltza eta 2016ko azken hiruhilearekiko 0,9 puntutan hazi da portzentajea. Hala eta guztiz ere, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunek bere horretan segitzen dute: gizonen artean %7,9koa da eta emakumeen artean %30,2koa.

Soldatapeko kopuruak ere behera egin du: azken hiru hilabeteetan 7.300 pertsona gutxiago daude soldata baten truke lanean. Horietatik, %23,5 aldi baterako kontratupean dabiltza (aurreko epealdian baino 0,3 puntu gutxiago). Honetan ere, emakumeek prekarietate maila altuagoa jasaten dute: gizonen artean aldi-baterako kontratua dutenak %20,1 dira eta emakumeen artean, berriz, %27.

Bestalde, langabeziak behera egin du azken hiruhilabetean, guztira 5.100 pertsona gutxiago daude lanik gabe. Halere, oraindik ere 151.900 lagun daude langabezian. Horietatik, 87.800ek urtebete baino gehiago daramate langabezian, hots langabeen %57,8 hain zuzen.

Hortaz, langabezia tasa %11,5ean kokatu da 2017ko lehen hiruhilekoan. 2016ko amaieran zegoen ia maila berean (%11,7). Gogora arazi beharra dago Europar Batasunean zegoen langabezia tasa 2016ko hirugarren hiruhilekoan (azken datua) %8,3 zela. Beraz, Europako mailatik oso urruti segitzen dugu oraindik ere.

Hori guztia dela eta, enplegua suntsitu eta langabezia murrizten ari da. Horren arrazoi nagusia da biztanleriak gero eta itxaropen gutxiago duela lan egiteko: azken hiruhilekoan biztanleriak gora egin du 2.300 pertsonatan baina biztanleria aktiboa (lan egiten dutenak gehi egin gabe nahi dutenak) 14.100tan murriztu egin da.

Enpresa handien mozkinak eta ekonomia hazten ari den bitartean, langabeziak eta enpleguak behera egin dute. Eta ez da herritarrek lanik egin nahi ez dutelako, itxaropen eskasa dutelako baizik.

Horretan zerikusi zuzena du enpleguan ematen ari den prekarizazio latzak, soldatak murriztuz eta gero eta kontratu partzial eta tenporal gehiago eginik, biztanleria gehienaren perspektibak gero eta kaxkarragoak baitira.

Hori errotik aldatzeko, aldi-baterako kontratuak finko bilakatu eta soldatetan hazkundea nabarmenak egin behar dira, negoziazio kolektiboa Euskal Herrian gauzatuz.