Euskal Forging-en bi enpresetako langileak greban

2017/06/08
Euskal Forging-en Irura eta Sestaoko langileek bat egin dute greba mugagabe batean, ekainaren 6tik aurrera. Enpresaren jarduera haize-errotetarako eraztun ijeztuak egitea da. Eraztunen tamainaren arabera, lantegi batean edo bestean egiten dira. Sestaon, gainera, produktuaren ijezketa eta mekanizazioa egiten da.

Euskal Forging-en bi lantegietan 100 bat langile aritzen dira lanean, eta 2015eko abendutik hona hitzarmenik gabe daude. 2016ko urrian hasi ziren negoziazioak soldata-igoera finkagarri bat eta beste hobekuntza sozial batzuk lortzeko, 2016, 2017 eta 2018. urteetan zehar. Negoziazio horiek, ordea, ez dute emaitza onik izan; enpresak erabateko ezetza eman baitio soldata-igoera finkagarri bati. Enpresaren jarrera tematia ikusita, eta langileekin ezer adosteko batere borondaterik agertu ez duenez, lantegi biek greban iraunen dute aipaturiko eskariak lortu arte.