Euskal Y-a: irtenbiderik gabeko atakan

2017/02/01
Abiadura Handiko Trena (Euskal Y-a) diseinatu zutenetik 20 urte eta lanak hasi zirenetik 10 urte igaro dira. Ekopolek –Ekonomia Ekologiko eta Ekologia Politikarako Ikerketa Taldeak–, ELA eta LAB sindikatuen laguntzarekin, egitasmo honen inguruko txostena egin du. Honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz egin den inbertsiorik handienaren baliogarritasun soziala aztertzea da. Txostena gaur aurkeztu da, Bilbon.

Txostenaren egileek Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak EAEn bultzaturiko egitasmo hau interes orokorraren aurka doala azpimarratu dute. Ekopolen iritziz, proiektu hau ikuspuntu ezberdinetatik aztertu ostean –ekonomikoa eta soziala, lurraldeari buruzkoa, politikoa, energetikoa eta kulturala– agerian geratzen da Euskal Y-a ez dela errentagarria; izan ere, linearen ustiaketak emango dituen diru-sarrerak sekula ez dira nahikoak izango eraikitze kostua osatzeko. Bestalde, zerbitzuaren kostu aldakorrak ere osatuko ez direnez, euskal Y-aren ustiaketa komertzialak defizita emango du, hots, etengabeko laguntza publikoak beharrezkoak izango dira funtziona dezan.

Baieztapen hauen oinarria da, batetik, garraio-azpiegiturei buruzko ebaluazio ekonomikoak eman duen ebidentzia zientifiko gero eta handiagoa; bestetik, baliabide publikoen erabilera fiskalizatzen duten hainbat herri-erakunderen irizpenak. Europar Batzordeak zein Frantzia, Portugal eta Espainiako Kontu-Auzitegiek ohartarazi izan dute abiadura handiko inbertsioen finantza-egoera “jasanezina” dela, eta analisi zorrotza galdegin dute etorkizuneko proiektuen errentagarritasun sozial eta finantzarioari buruz.

Gainera, tren lasterra garestia da eta, horrenbestez, errenta altua duten pertsonek soilik ordain dezakete. Eskura daukagun ebidentziak erakusten du ustiaketa kostuak osatzeko gauza ez den linea -euskal Y-arekin hala gertatuko dela uste dugu- zerga bidezko transferentzia bat dela gizarteko multzo txiroenetatik aberatsenetara. Hots, herri-erakundeak sustatzen ari diren inbertsioek areago egiten die mesede errenta altuei eta, horrela, aberatsen eta pobreen arteko arrakala soziala gero eta handiagoa da.

Ingurumen analisiari dagokionez, Ekopol-ek azpimarratzen du AHTko inbertsioa ez litzaiekeela herritarrei saldu beharko politika berdea bailitzan. Garrantzitsua da nabarmentzea Euskal Y-a eraikitzeak ingurumeneko hainbat kontutan eragiten duela (habitat zatikatua, bioaniztasuna, lur emankorraren okupazioa, eragin bisual eta paisajistikoa, zarata, bibrazioak, etab.), eta txostenak ondorioztatzen du –baita bidaiari eta merkantzien demandari buruzko agertoki baikorrenetan ere– euskal Y-ak ez lukeela CO2rik aurreztuko 100 urte igaro baino lehenago, ezta energiarik ere 55 urte pasa arte.

Ekopol ekimeneko ordezkariekin batera, Adolfo Muñoz “Txiki” eta Ainhoa Etxaide, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak, izan dira gaur goizeko agerraldian Bilbon. Muñozek ikuskaritza independente bat eskatu du. “Ezkutukeria hau gainditu behar dugu. Izan ere, Espainiako gobernuak aurreratutako mila miloi baino gehiago itzuli gabe jarraitzen du. Hondorik gabeko zulo baten aurrean gaude”. ELAko idazkari nagusiak baliabide ekonomiko publikoak oinarrizko gaietara –hezkuntza, osasuna edo gizarte zerbitzuetara– bideratu beharko liratekeela azpimarratu du.

Ikusi hemen txostena