Eusko Jaurlaritza bat dator lan erreformen helburuekin

2017/03/21
Gaur arratsaldez Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean izandako agerraldian, Ioseba Villarreal ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak Eusko Jaurlaritzari leporatu dio Estatuan ezarri diren lan erreformen helburuekin bat egin duela.

Hauek dira ELAk agerraldian nabarmendu dituen gaiak:

  1. Lan erreformek eragin lazgarria dute negoziazio kolektiboan, eta lan-baldintzen gainbehera eta prekaritatea dakarte. Erreformak patronalaren onerako izan dira, irabazi egiten baitu negoziatzen ez badu, baita gobernuen mesederako ere, hauek erreformak eta oinarrizko legeak baliatzen baitituzte aurrekontu gero eta murritzagoak erabakitzeko. Patronalak berak adierazi du “ametsetan ere” ez zukeela erreformetatik hainbeste espero izango, eta behin ezarri direnez gero, ez duela negoziatzeko beharrik.

  2. ELAk gogoratu du Legebiltzarrak ez duela lan arloan legegintza ahalmenik, eta espainiar arauen menpeko izateak euskal langileak pobretu egiten dituela.

  3. Aipatu den beste puntua gobernuaren jokabidea izan da, ugazaba den aldetik edota enpresa pribatuak azpikontrata gisa hartzen dituenean. Zuzenean ugazaba gisa diharduenean prekarizatu egiten du (lanaldi partzialeko kontratuak, bitarteko postuak, aldi baterako enplegua, murrizketak, soldata jaitsierak, bermerik eza...), patronal pribatuak adina edo areago. Eta zerbitzu edo lanak azpikontratatzen dituenean bere lizitazioekin eta kontrolik ezartzen ez duenez prekaritatea itxuragabe hedatzea eragiten du. Villarrealek gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dauden arloetan (Mahai Orokorra, sektorialak...) ez dagoela negoziazio kolektiborik.

  4. ELAk salatu egin du Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta CCOO, UGT eta Confebaskek uztailaren 22an sinatu zuten akordioa. Hau arau demokratikoen aurkako sekulako erasoa da, eta patronalari bere solaskide sindikala hautatzeko aukera ematen dio, ordezkaritza sindikal nagusia alboratuta.

  5. Eusko Jaurlaritzak Confebaski erabateko babesa ematen dio, baita finantzatuaz ere, ganbera honetan aurreko Enplegu sailburuak aipatu zuen moduan. Gainera, finantziazio hori ematen da patronalaren benetako ordezkaritza maila egiaztatu gabe. ELAk berriro galdegin dio Jaurlaritzari patronala egiaztatzeko sistema bat ezar dezala, publikoa eta gardena.

  6. Urtebete pasa ez dela, Legebiltzar honek baztertu egin zuen ELAk bertara eramandako HLEa, honek 110.000 sinaduraren babesa zuelarik; HLEaren xedea zen azpikontrata publikoetan subrogazio eskubidea aitortzea, EAEko lan hitzarmenak aplikatzea eta baldintza horiek betetzen ez zituzten enpresei zigorra ezartzea edo kontratua amaitzea. HLE hark 45.000tik gora langilerengan zuen eragina.

  7. Halaber, sindikatuko ordezkariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera adineko pertsonentzako arreta zerbitzuetarako ratioak ezartzerakoan, esaterako zahar-etxeetan. Ratio hauek urgentziaz berrikusi behar direla agerikoa da, oraingoan Bizkaiko erresidentzien grebak nabarmen utzi duenez; eremu honetan baldintzarik txarrenak dituen enplegua emakumeena da.

Azkenik, ELAk berriz adierazi nahi du Lan Harreman eta Gizarte-Babesteko Marko berri baten alde dagoela, herri honetan behingoz gizarteko gehiengoaren bizi-baldintzak duinak izan daitezen.