Gero eta jende gehiago dago langabezian prestaziorik gabe

2014/12/02
Langabezian dagoen jendearen egoera gero eta latzagoa da, lanik gabe daudenen %54,9ak, hau da 119.560 pertsona, ez du inongo prestaziorik jasotzen. Azken urtean langabezian prestaziorik gabe dagoen pertsona kopurua 5.478an igo da.

Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratu dituen datuen arabera Hego Euskal Herrian 216.235 pertsona izan dira langabezian azaroan, urrian baino 1.606 gutxiago eta duela urte bete baino 9.743 gutxiago.

Langabezia tasa %16,3koa da, hau da, EB-28ko bataz bestekoa baino 6,3 puntu altuagoa (%10koa izan da urrian), eta soilik Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa.

Lan baldintzak gero eta okerragoak dira, behin-behinekotasun eta partzialitate gero eta altuagoekin.

Langabezian dagoen jendearen egoera gero eta latzagoa da, lanik gabe daudenen %54,9ak, hau da 119.560 pertsona, ez du inongo prestaziorik jasotzen. Azken urtean langabezian prestaziorik gabe dagoen pertsona kopurua 5.478an igo da.

Onartezina da PNVren eta UPNren Gobernuek egoera hau konpontzeko neurri eraginkorrik ez hartu izana, eta gainera, pobrezia eta desberdintasunak handitzen dituzten politikak egiten jarraitzea.

ELArentzat beharrezkoa da politikak aldatzea egoera aldatzeko: ez da aldaketa sozialik emango politikak errotik aldatzen ez diren bitartean.