ELA, LAB eta STEILASek dei egiten diete langile, familia eta herritarrei bat egin dezaten datorren asteko mobilizazioekin

2017/05/12
LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak negoziatzeko borondate osoa dugula adierazi nahi dugu. Baina momentuz ez dugu gure aldarrikapenei erantzunez negoziatzeko aukera emango digun inolako proposamen zehatzik jaso Hezkuntza Sailaren eskutik. Are gehiago, administrazioak oraindik deitu ere ez ditu egin greban dauden Heziketa Bereziko eta Haurreskoletako negoziazio mahaiak.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuen agiria:

Martxoaren 22an burututako grebaren jarraipen arrakastatsuak bultzatuta bertaratu ginen iragan maiatzaren 4ko irakasleen mahai sektorialera eta maiatzaren 10ean Haurreskolak Partzuergoko mahaira. Bertan, Hezkuntza Sailarekin gaur egungo egoeraren inguruan egiten dugun hausnarketa partekatzeko aukera eduki genuen; eta horrela, gure aldarrikapenak plazaratu genizkion, hauen inguruan behar bezalako negoziazio serio bat garatzeko asmoarekin.

Mahai gaineratu genizkion aldarrikapenak honakoak izan ziren:

  • Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).

  • Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.

  • Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

  • Ikasle-ratioak %10 murriztea.

  • Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.

  • Ordezkapenak lehen egunetik egitea.

  • Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Zerrendatutako aldarrikapen guzti hauek ordea, irakasleetaz gain, grebara deitu ditugun gainerako kolektiboentzat ere aldarrikatu genizkion, Heziketa Berezia eta Sukaldari eta Garbitzaileak, alegia.

Hezkuntza Sailak ordea entzungor egin zien gure aldarrikapenei. Hezkuntza inbertsioa edo kostu ekonomikoa suposatzen duen edozein aldarrikapen negoziatzeari uko egin zion eta, ondorioz, ez du sindikatuok mahai gainean jarritako gai nagusienak negoziaziatzeko asmorik agertu.

Aipatu kolektiboen behin behinekotasunaren aurkako behar bezalako neurririk ez mahaigaineratzeaz gain, irakasleen mahaian egin zuen proposamenak (legealdi honetan 3000 plaza oposizioetara ateratzeak), justu-justu gauzatuko diren erretiroak asetzera mugatuko da. Hortaz, behin behinekotasun tasak bere horretan jarraituko du.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak negoziatzeko borondate osoa dugula adierazi nahi dugu. Baina momentuz ez dugu gure aldarrikapenei erantzunez negoziatzeko aukera emango digun inolako proposamen zehatzik jaso Hezkuntza Sailaren eskutik. Are gehiago, administrazioak oraindik deitu ere ez ditu egin greban dauden Heziketa Bereziko eta Haurreskoletako negoziazio mahaiak.

Iragan maiatzaren 4ko irakasleen mahai sektorial eta 10eko Haurreskolak Partzuergoaren mahai etsigarriaren ondoren iragarritako bidearekin jarraitzeko aukera besterik ez digu uzten gobernuak. Bide horretan, dei egiten diegu langile, familia eta herritarrei bat egin dezaten M16, M20 eta M23rako deituta ditugun mobilizazioekin.