Hauteskundeetan ez dira puntuak irabazten migrazio politikarekin eta migranteen auziarekin

2015/12/18
Gaur migranteen nazioarteko eguna da; ELAk gogoratu eta salatu nahi du auzi hau erabat mugatu nahi dela, soilik migrazio-fluxuen kontrola eta kolektibo baten egoera administratiboa erregularizatzea bailitzan. Benetako errealitatea, ordea, askoz zabalagoa da eta gure gizartea barne-barnean ukitzen du, baita mundu mailako ipar-hegoaren arteko harremanak ere.

Halaber, geure haserrea adierazi behar dugu, oso ozen, ikusirik migranteak beti kriminalizatzen dituztela eta errepresioa besterik ez zaiela eskaintzen; hala gertatzen da Gibraltarko itsasartea ixteko altxa dituzten txantxar-hesiekin, edota atzerritarrak internatzeko zentroekin, espainiar estatuari dagokionez.

Ezin dugu ahaztu, gainera, Europa gotorleku bilakatu nahi dutela, eta mugak ezarri nonahi, lurrean zein itsasoan. Kontinente honetan errefuxiatuen krisia lehertu denean konturatu gara auzia zein larria den. Bestalde, eztabaida piztu da migrante eta errefuxiatuak bereiztearen inguruan; hau ez da xehetasun tekniko-juridiko bat soilik. Nor sar daiteke? Nor gure artean geratu? Nork alde egin beharko luke? Zein dira herrialde batetik migratzeko edo ihes egiteko arrazoiak?

Igande honetan, abenduaren 20an, espainiar Kongresu eta Senaturako hauteskundeak izango dira. Alderdi politiko gehienek programetan migrazioaren auziari buruzko proposamen formalak jaso dituzten arren, kontua da botoak erakartzeko lehian migranteen eskubideak ez direla gai garrantzitsua izan. Atzerritarren legea ez du erakundeetan sartu nahi duen hautagai batek ere aipatu.

Besterik gertatu da mehatxu jihadistarekin; alderdi batzuk berehala eman nahi izan diote erantzuna, “estatu-itun antijihadista” sinatuta. Horrela, giza ikuspuntutik errefuxiatuen krisiak zuen urgentzia bera ere bigarren planora pasa da. Milaka pertsonaren duintasunak eta giza-eskubideek itxaron egin beharko dute agintarien agendan lekua izateko. ISISen aurkako gerrari eman diote lehentasuna, eta horretara bideratzen dira bitarteko ekonomiko, politiko eta militar guztiak. Ez dezagun ahaztu islamofobia nola hedatu den, eta zer nolako ondorioak izan dituen.

Beraz, ELAk ere bat egin nahi du salaketa larri batekin: pertsona guztiei ez zaizkie eskubide berberak aitortzen. Nabarmendu beharra dago oinarrizko eskubideen unibertsaltasuna ez dela betetzen, eta migranteek ez dutela bermerik herritartasun betea izatera iristeko.