Iaz 66 langile hil ziren lan-istripuen ondorioz

2013/04/22
Krisiaren eraginez heriotzen kopuruak behera egin badu ere, lan-ezbeharren datuek onartezinak izaten jarraitzen dutela; 2012an 66 langile hil ziren Hego Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz. Gasteiz eta Iruñeako gobernuen baliabiderik ezak agerian uzten du ez dagoela borondate politikorik lan-osasuna babesteko, defizit hori propagandaren bidez betetzen saiatzen badira ere. Apirilaren 25ean ELAk ekitaldi bat egingo du Bilbon, Erasoen aurrean lan-osasuna babestu dezagun lelopean.

Izan ere, apirilaren 28a Lan-osasun eta segurtasunaren eguna da. La Esperanza pilotalekuan egingo den ekitaldiaren ostean manifestazioa egongo da Confebask patronalaren egoitzaraino. 

Ostegunean egingo den ekitaldia aurkezteko ELAk Hego Euskal Herriko 2012ko lan-ezbeharren egoeraren inguruko txostena aurkeztu du gaur. Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusia, Leire Txakartegi, segurtasun arloko arduraduna, eta Leire Heredia, arloko honetako koordinatzailea, izan dira aurkezpen ekitaldian parte hartu duten lagunak.

Muñozen hitzetan kaleratzeko beldurrak langile asko lanera gaixorik joatera derrigortu ditu, eta horrek langileen segurtasun eta prebentzio mailan eragin latza duela gaineratu du. Bestalde, hemengo administrazioentzat gai horrek hutsaren hurrengoa izaten jarraitzen duela adierazi du.

Leire Txakartegik salatu du osasun-sistema publikoa pribatizatzeko beste pauso bat emango dela, mutualitateen eskuetan are eskumen gehiago utziz. Horretarako mutualitateetako medikuek efektu medikoetarako alta eman ahal izateko aukera bermatuko du Rajoyren gobernuak datozen asteotan onartuko duen dekretuak.