Iberdrolak lan-baldintzak prekarizatu, argia izugarri garestitu, eta Garoña berriro irekitzeko ahalak egiten ditu

2017/02/16
2017an 3.558 milioi euro irabaztea dauka aurreikusita, argi-fakturaren kontura; eta Iberdrolako enplegatuen lan-baldintzak, aldiz, prekarizatzen ditu. ELA-Iberdrolak bat egiten du jendarteko deiadarrarekin argi-fakturaren igoeraren aurka, eta igoera zuritzeko gobernuaren argudio xelebreak salatzen ditu.

ELAren Atal Sindikalak, 2016ko behin betiko emaitzak oraindik argitaratu ez direnez, egiaztatu du Iberdrolaren 2015eko etekin garbia 2.422 milioi eurokoa izan dela, eta EBITDA Espainiaren aurreikuspena 2017rako 3.588 milioi eurokoa dela, 2016koa baino %5 handiagoa.

Halaber, Iberdrolako gainerako ordezkari sindikalek 2015ean sinatu zuten hitzarmenaren ondorioz, soldatak aurten %0,7 igoko dira gehienez, baina urtetik urterako KPI %3raino heldu denez, Iberdrolako langileen eroste-ahalmenak behera egin du nabarmen.

Esan gabe doa Ibex-35eko edozein enpresa handiren helburua mozkinak ugaltzea dela, eta baita dibidendu gehiago banatzea ere, horrela albait inbertsio-gile gehien erakartzeko. Ez dago horren garbi, ordea, axola handirik zaienik negozio hori gizartearentzat premia biziko gaia denik edo enpresen lehiakortasunerako giltzarria denik. Aipaturiko helburuaren izenean prest daude kalitatezko enplegua suntsitzeko, azpikontratazio prekarioa egiteko, eta oraingo plantillaren baldintzak lorrintzeko.

Gobernuak sopikun aritu dira, gehiegikeriarik saihesten ahalegindu beharrean. Izan ere, gobernuek gizarte gehiengoarentzat kaltegarri diren legeak bultzatu dituzte (eguzkiaren gaineko zerga), teknologia jasangarrien garapena oztopatu dute (oraingo oligopolioaren ordezko aukera), argi-fakturari atxikita doazen zergak ezarri dituzte, sektorearen zati bat pribatizatu zuten, eta arazoa ez dute behin betiko konpondu nahi.

Azken adibidea, adibide zaurgarria inon bada, Garoñako zentzugabekeria izan da. Segurtasun Nuklearraren Kontseiluko kideek —PPk etaPSOEk izendatuak— zentralaren iraupenari baimendu diote, baldin eta “segurtasun-neurri” batzuk betetzen badira. Baliteke berriro ez irekitzea, zentralaren errentagarritasun eskasa dela-eta; baina gainerako zentral nuklearren iraupena luzatzeko aukera irekita utzi dute. Energia berriztagarriak sustatu beharrean (ikerkuntza, garapena, errentagarritasuna…), apustu egin dute elektrizitate-enpresentzat hain errentagarri den eredu nuklearraren alde.