Ingemar taldeak Usurbilgo lantegiko behargin guztiak kaleratu nahi ditu

2017/06/13
Ingemar taldeko zuzendaritzak langile guztien kaleratzea eragingo duen EEE ( Enplegu Erregulazio Espedientea) bat aurkeztu du Usurbilgo lantegian. Ekainaren 2an aurkeztu du, Lugoko Merkataritza-arloko epaitegian, hain zuzen ere. Langileen batzordearen iritziz Konkurtsoaren administratzailea eta taldeko zuzendaritza eskutik helduta ari dira azpijokoan, lehiaketa lehenbailehen bukatzeko asmoz, betiere, biek ala biek etekina ateratzeko asmoz.

Langileen Batzordearen oharra:

Langileen ordezkariok honako hau salatu nahi dugu: INGEMAR TALDEko Zuzendaritza Konkurtsoen Legeaz baliatzen ari da, ez legeak aurreikusten dituen helburuak betetzeko, baizik eta beste helburu batzuetarako.

Hau da, Konkurtsoen Legeaz baliatzen ari da hartzekodunen interesei erantzuten ari dela pentsarazteko. Nola? Bada, hitzarmen-eskaintza bat eginez. Hori egiten duen bitartean, ordea, negozioa murrizten ari da. Zer esan nahi du horrek? Funtsean, ezinezkoa dela itundutakoa betetzea, alegia, tranpa hutsa dela. Konkurtso Administratzaileak, bere aldetik, ez du ezer esan horretaz.

Gure ustez, Konkurtsoaren Administratzailea eta Taldeko Zuzendaritza eskutik helduta ari dira azpijokoan, lehiaketa lehenbailehen bukatzeko asmoz, betiere, biek ala biek etekina ateratzeko asmoz.

EEE bat aurkezteko erabakia, arbitrarioa izateaz gain, diskriminatzailea ere bada, egoera berdinean dauden taldeko beste lantegi batzuen aldean. Negozioaren bideragarritasunari, taldea osatzen duten pertsona juridikoei eta konkurtsoaren menpeko hartzekodunei on egin beharrean, kalte egiten die.

EEE horrek negozio-bolumena murrizten du, eta, beraz, baita emaitzak ere. Ezin dugu ahaztu, emaitzak direla enpresaren bideragarritasunari eusteko bermea eskaintzen dutenak, eta hartzekodunen konkurtsoaren arrazoi nagusia.

Gainera, gauzatzen ari diren aktiboen salmenten ondorioz ondarea ere urritzen da etorkizuneko negozioa aurrera eramateko aukerak gutxituz.

Horrekin batera, Ingemar lantegia lehenbailehen ixteko Kutxabank en erabakia dugu.

Azkenik, aitortu beharrekoa da Taldeko Zuzendaritzaren interesa taldearen aktiboez jabetzea dela (esan dezagun bide batez aktiboak oso handiak direla), eta ez dela kontuan hartu Usurbilgo Ingemar lantegirako bideragarritasun-planik, ezta gerora begirako bermerik ere. Horiek horrela, guk geure esku dagoen guztia egingo dugu mafia-kutsuko azpijoko hori argitzeko, eta nor bere lekuan jartzeko.