Lan istripuetan hildakoen kopurua nabarmenki igo da Nafarroan

2014/04/23
ELAk salatu du Hego Euskal Herriko lan-ezbeharren egoerak oso larria izaten jarraitzen duela. 2013n ELAk 55 hildako zenbatu ditu, lan-istripuak direla-eta, Hego Euskal Herrian (42 EAEn eta 13 Nafarroan), iturri ofizialek adierazitako 46en aurrean.

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi, osasun eta segurtasun arloko arduraduna eta Leire Heredia, ikerketa bulegoko kideak 2013ko istripuei buruzko txostena aurkeztu dute Bilbon.

2013n ELAk 55 hildako zenbatu ditu, lan-istripuak direla-eta, Hego Euskal Herrian (42 Elkarte Autonomoan eta 13 Nafarroan), iturri ofizialek adierazitako 46en aurrean.

ELAk erregistratu duen kopurua, lan-istripuz hildakoena, 2012. urtearekiko %20 jaitsi bada ere, kontuan hartzen badugu krisi-egoera dela-eta izandako lan-jardueraren erorketa ikaragarria, heriozko istripuen kopurua handiegia da oraindik ere. EAEko hiru herrialdeetan jaitsi dira lan-istripuz hildakoen kopuruak. Araban nabarmen murriztu dira heriotzak, aurreko urtetik kopurua erdira jaitsi baita. Nafarroa da heriozko istripuen kopurua handitu den lurralde bakarra, %62,5.

Lan-ezbeharren egiturazko arrazoiak lan-merkatuaren goranzko prekarietatea eta enpleguaren kalitate txarra dira. Azpikontratazio-indize hain handiak, lan-erritmo itogarriak, eta prestakuntzaren gabezia dira gizarte-gaitz horren arrazoi nagusiak. 

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eskaera zuzena egin die Hegoaldeko erakunde guztiei: eraikuntza publikoan lan hitzarmenak bete ditzatela. Baita azpikontratatzen diren zerbitzuetan ere lan baldintzak berma ditzatela ere.

ELAk datorren apirilaren 28an, Lan Istripuen aurkako Nazioarteko Egunean, ekitaldia antolatu du Bilbon. Goizeko 10etan “La esperanza” pilotalekuan batzarra egingo da eta ondoren manifestazioa.