%75tik gorako jarraipena unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan gaurko deituriko grebak

2017/03/22
18.000 pertsonatik gora hartu dute parte Gasteiz, Donostia eta Bilbon burutu diren manifestazioetan murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatuz.

Sindikatuen agiria:

Ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora langile Haurreskolak Partzuergoan deiturik zeuden gaurkoan grebara.

Langileen %75etik gora egin dute bat deialdiarekin. Grebak ia erabateko jarraipena izan du eskualde gehienetan. Jarraipena apalagoa izan da aldiz, Bidasoa aldean (%60 inguru) eta Bilbo edo Ezkerraldean (%50 inguru). Haurreskoletan jarraipena %85etik gorakoa izan da.

Langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin eta 18.000 pertsonatik gora parte hartu dute Gasteiz, Donostia eta Bilbon burutu diren manifestazioetan hezkuntza lan-baldintzak hobetzea eskatuz eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatuz.

Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasle kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan... ezarritako murrizketak alde batera uztea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea. LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea. Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.

Bide honetan pausoak ematen hastea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Horrela ez bada hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.

 Sindikatuek Eusko jaurlaritzak datuak jaso eta plazaratzerakoan egin duen manipulazioa ere salatu dute. Ikus oharra hemen