Kanpaldia Diputazioaren aurrean Bizkaiko zahar-etxeetako lan-baldintza duinen alde

2017/03/20
Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkaren korapiloa ez da askatu. Egoera horren aurrean, erresidentzietako langileek kanpaldia hasi dute gaur Bilbon, Diputazioaren aurrean, erabiltzaileen bizi-kalitatea eta kalitate asistentziala ere hobetuko luketen lan-baldintza duinak exijitzeko.

Kanpaldia hasi dute gaur Bizkaiko erresidentzietako langileek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Gaurkoa, apirilaren 7a arte antolatu diren mobilizazio eta lanuzte egutegi zabal baten parte da. Izan ere, ELAko Bizkaiko erresidentzietako bozeramaile Soraya Garciaren hitzetan, “laborala eta soziala den gatazka hau oraindik ere konpondu ez bada, funtsean, emakumeak garelako da”. Kontuan hartu behar da sektoreko %95 emakumeak direla.

Urtebete egin dute dagoeneko gatazkan beharginek eta korapiloak askatu gabe jarraitzen duela ikusita, gaur mobilizazio berria egin dute, modu ikusgarrian, gainera: Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean kanpaldia egin dute, euren lan-baldintzak eta ondorioz, kalitate-asistentziala hobetu dezaten exijitzeko. Izan ere, sektoreko patronalek –GESCA, LARES, ELBE–eta Bizkaiko Foru Aldundiak- ez dezagun ahaztu pribatizatutako zerbitzu publiko baten aurrean gaudela, Aldundiak %70ean finantzatzen duena- ez dute inongo borondaterik akordio justu bat lortzeko.

Gainera, gaur egun, guztiz ulertezina bada ere, sektoreko enpresei ordaintzen jarraitzen du Aldundiak, azken hauek zerbitzua eskaintzen ez badute ere. ELAren kalkuluen arabera, 100 egun baino gehiago daramatzaten honetan, 4 milioi euroko etekina jaso dute enpresek, esan bezala, eskaintzen ez duten zerbitzu baten truke.

Langileen eskaerak

Langile eta erabiltzaileengan ondorio kaltegarriak dituen prekarizazio egoera horren aurrean, langileek tinko eutsiko diote borrokari euren oinarrizko eskakizunak eskuratu arte: hileko 1.200 euroko soldata, urteko 1.592 orduko lanaldia eta ratioak eguneratzea, hemeretzi urtean ez baitituzte ratio horiek «berrikusi». Baldintza horiek denak onartu bitartean «borrokan» jarraitzeko asmoa azaldu dute.