Kontratuak gero eta laburragoak, prekarioagoak eta diskriminatzaileagoak direla ondorioztatu du ELAren Egoeraren Azterketa txostenak

2017/07/18
Enpleguaren ustezko hazkundearen atzean miserian eta prekarietatean oinarritutako enplegua dago. Hala ondorioztatu du ELAk, Azterketa Bulegoak landutako Egoeraren Azterketa txostenetik abiatuta. Gaur aurkeztu dituzte azterketa lanak utzitako ondorioak, nagusia, honako hau: kontratuak gero eta prekarioagoak eta diskriminatzaileagoak dira.

Hazkundea eten eta prekarietatea handitu egin dela baieztatu du gaur ELAk, egoera sozial eta ekonomikoaren azterketa txostena aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Txiki Muñoz ELAko Idazkari Nagusiaren hitzetan, “miserian oinarritako enpleguak sostengatzun du hazkundea islatzen duten estatistikak”.

Mezua argia izan da: enpleguaren hazkundea eten egin da eta gero eta prekarioagoa da. Baieztapen hori egiterako orduan, datuak izan dituzte lagun: 2017ko lehen hiruhilekoan 1.170.400 pertsona izan dira enplegua izan dutenak Hego Euskal Herrian INEk egindako inkestaren arabera. Gizarte Segurantzak argitaratutako datuen arabera, ordea, 1.157.636 pertsona egon dira afiliatuta epealdi horretan.

Aurreko urtearekin alderatuta, estimatutako enplegua 10.800 lagunetan hazi da; afiliazioa, ordea, 25.039tan murriztu da. Lehen hiruhileko enpleguaren joera ikuskatuz, 2014ko minimotik hazi egin da. 2009tik ordura arte gutxituz joan zen urtez urte.

Enpleguaren hazkundearen moteltzeaz gain, sortzen ari den enpleguaren prekarietatea salatu nahi izan dute bereziki. Berriz ere, zifrak dira egoera horren isla. Hilabetero, 100.000 kontratu inguru egiten dira: %36,4 lanaldi partzialekoak dira; aldi baterakoak, ordea, %91,3. Datu gehiago luzatu dituzte: lanean dauden langileen herenari ez zaio kontratua luzatzen eta erdiak 30 egun baino gutxiagoko kontratua dauka.

Are gehiago, kontratazioak ezberdintasunak sortzen segitzen du gizon eta emakumeen artean. Horrela, 2017ko lehen hiru hilabeteetan HEHn egin diren 300.000 kontratu ingurutik 109.000 lanaldi partzialekoak izan dira (%36,4) eta 276.000 aldi-baterakoak (%91,9); gogora dezagun kontratu partzialak aldi-baterakoak direla hein handi batean.

Baina kontratazioan ematen den aldi-baterakotasuna oso parekoa bada ere gizon eta emakumeen artean (0,9 ehuneko punturen ezberdintasuna dago emakumeen kontra), partzialitatea bikoitza da emakumeengan: gizonei egiten zaizkien kontratuen %23,6 dira partzialak; emakumeei egiten zaizkien kontratuen artean, ordea, %49,1.

Txanponaren beste aldean, lanik ez dutenek, langabezia handiagoa pairatzen dute, denbora tarte handiagoan daude lan barik eta prestazio gutxiago jasotzen dituzte. Datuak dira horren adierazle: ekonomia urtero %3 hazten ari den bitartean, langabeen herenek ez dute inolako prestaziorik jasotzen. Are gehiago, prestazioak gero eta baxuagoak dira, eta, gehienak, sorospen motatakoak. Bereziki salatu dute emakumeekiko diskriminazioak bere horretan jarraitzen duela.

Europarekin alderatuta, egoera latza bizi du Hego Euskal Herriak: behin-behinekotasunari dagokionez, Europako altuenetako da gurea.

Egoeraren Azterketa txostena osorik