Kutxabankeko hitzarmenaren aurreakordioa: prekarietatean eta enpleguaren suntsipenean sakontzen

2017/03/23
Atzo, 2017ko martxoaren 22an egindako bileran, CCOO eta PIXKANAKA sindikatuek Kutxabanken II. hitzarmena sinatzeko aurreakordioa eskuratu zuten. ELAren ustez aurreakordio horrek enplegua suntsitu eta prekarietatean sakonduko du, batez ere, kontratazio berrietan. Esan beharra dago, akordio horrek desorekak handitu eta prekarietatean sakonduko duela.

Kutxabanken II. hitzarmena sinatzeko aurreakordioa eskuratu zuten atzo Pixkanaka eta CCOO sindikatuek.

Hona hemen akordio horren ildo nagusiak:

Iraunaldia: 2 urte

Soldataren igoera: %0,75 2017rako eta %1,25 2018. urterako, betiere, KPIari inongo erreferentziarik egin gabe.

Kategoria berri baten sorrera: 22.000 euro gordineko soldata inkorporazio berrietarako, hau da, ia %20ko jaitsiera soldatetan.

Praktiketako kontratua dutenen soldata %15 jaitsiko da:

* Lehenengo urtean 20.800 euro jaso beharrean 18.040 euro kobratuko dituzte.

* Bigarren urtean 23.400 euro kobratu beharrean 19.800 euroko soldata kobratuko dute.

Mugikortasuna: ez dago neurri zehatzik desplazatuentzat.

Enplegua: 80 kontratu mugagabe 2017.urterako eta 2018. urteko beharrizanak baloratzeko batzordea.

Laburbilduz, enplegua suntsitu eta lan-baldintzen prekarizazioa besterik ekarriko ez duen hitzarmen baten aurrean gaude.

Enpleguari dagokionez, hitzarmen horrekin 80 lanpostu berri “sortu” nahi dituzte, baina praktikan, erakunde honek enplegua suntsitzeko aurrera daraman politika estaltzeko estrategia baino ez da. Gogoratu, Kutxabanken ibilbidea hasi zenetik 1.800 lanpostu zuzen suntsitu direla bankuan (horietako 300 2017. urtea hasi zenetik). Horiei, azpikontrata, gizarte-ekintzan eta kanporatutako enpleguan suntsitutako lanpostuak gehitu behar zaizkie.

ELAk hitzarmen honek eragingo dituen desoreka eta prekarietate maila ere salatu nahi ditu. 22.000 euro gordineko soldata izango duen kategoria berriaren sorreraren atzean bada beste errealitate bat: lan-kontratu berrietan soldatetan %20ko jaitsiera gertatuko da.

Aurreko guztiak argi erakusten digu enplegua prekarizatzen ari direla, erakundearen pribatizazio prozesuarekin bat. Penagarria da lehengo Kutxen gaur egungo norabidea. Argi esan behar da norabide aldaketa horren erantzukizuna zenbait politikariena dela. Gizarte-ekintza garatzeko duen erantzukizunari muzin egin dio Kutxabankek, prekarietatearen aldeko apustua eginez.