Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoera Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari aplikatzea eskatu du ELAk

2017/01/07
Aurretik esandako guztiaren ondorioz, ELAk Jaurlaritzari exijitzen dio aplikatu diozaiola Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoera Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari, eta alboratu dezala behingoz diru-laguntza horrek izan duen etengabeko murrizketa.

ELA sindikatua kezkatuta dago, Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) 2017rako onartu berri den Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %8ko igoera ez aplikatzeko asmoa duelako Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta argi ez esan.

Hala ondorioztatu daiteke behintzat, EAEko Ogasun eta Ekonomia Sailburu Pedro Azpiazuk Radio Euskadin egindako adierazpenenei erreparatu ezkero. “Ez du zentzurik Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta gure esku ez dagoen ratio bati lotzeak” esan du Sailburuak, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %8ko igoerari aipamen eginez.

Argi utzi behar da Jaurlaritzaren erabakia dela %8ko igoera Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari ere aplikatzea edo horri muzin egitea. Izan ere, Espainiako Gobernuak onartu berri duen LGSaren dekretuaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoera DBEn ere aplikatzeko erabakia. Are gehiago, DBEren Legean argi azaltzen da prestazio hori LGSren araberakoa dela, beraz, soldatetan izango den igoera oinarrizko errentan ere islatu beharko litzateke. Esan beharra dago soldatetan eroste ahalmenak beherantz egin duen urteetan, Jaurlaritzak aprobetxatu duela beherakada hori DBEn ere aplikatzeko.

Orain, ordea, ez dute igoera aplikatu nahi. Gutxienez IPREMen (langabezia eta bestelako laguntzetarako erreferentzia-indizea) igoera aplikatu beharko du. Halere, oraindik ez dago jakiterik igoera hori zenbatekoa izango den. Izan ere, IPREM 6 urtez egon da izoztuta eta hala jarraitzen du aurten ere.

ELA sindikatuaren ustez, adierazpen larriak dira hauek, kontuan hartuta 2012. urtetik diru-laguntza honek murrizketak besterik ez dituela pairatu, jendartean egoera ahulenean daudenen kaltetan.

Gogoratu, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera 2017an %8koa izatea onartu dela. Gogorarazi ere, oinarrizko soldata dela, orain arte behintzat, Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta zehazteko oinarria.

Zentzu horretan, ELA sindikatuak larria deritzo Aspiazuk egindako balorazioari. Are gehiago, jakinda, abenduan Mikel Noval sindikatuko arlo sozialeko arduradunak salatu zuenez, DBE jasotzeko betekizunak modu larrian gogortu zituztela PSEk, PPk eta EAJ/PNVk, 2009ko erreforma baliatuz.

2012az geroztik, gainera, %7ko murrizketa egin zaie aipaturiko diru-prestazioei. Murrizketa hori Patxi Lopezek onartu zuen bere aurrekontuetan, betiere, urte hartarako eta salbuespenez. Ostean, ordea, Iñigo Urkulluren lehen legealdiko urte guztietan mantendu da murrizketa. Egoera hori jendartean egoera ahulenean daudenek pairatu behar dute.

Aurretik esandako guztiaren ondorioz, ELAk Jaurlaritzari exijitzen dio aplikatu diozaiola Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoera Oinarrizko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari, eta alboratu dezala behingoz diru-laguntza horrek izan duen etengabeko murrizketa.