Laneko heriotzek ez dute etenik

2017/02/20
Langile baten heriotza eragin duen lan-istripu berria gertatu da gaur. Hilabete bakar batean EAEn izandako bosgarren biktima dugu gaurkoa. Hildakoa Insausti Garraio enpresak azpikontratatutako langilea zen. Gogoratu, 2017. urtea hasi zenetik 10 langile hil direla lanean izandako istripuetan.

Lehenik eta behin, ELAk elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hil den langilearen lankide eta senideei.

Jakin dugunez, 58 urteko garraiolaria N-I errepidetik Gasteizeko noranzkoan zihoan gaur goizaldean, Ikaztegieta (Gipuzkoa) parean langileak gidatutako ibilgailuak artaziarena egin eta lan-istripuaren ondorioz zendu egin denean. Zoritxarrez, errepide berean aste beteko epean gertatzen den ondorio larriko bigarren istripuaren aurrean gaudela nabarmendu behar dugu. Izan ere, pasa den otsailaren 14an Campezo Obras y Servicios enpresak azpikontratatutako ETTko langile bat zendu zen Agurain (Araba) parean mantentze lanak burutzen ari zenean. Egoera honen aurrean, erakundeek errepide honen ezbehar kopuru altuari benetako irtenbiderik ematen ez diotela salatu nahi dugu ELAtik.

Aurrekoaz gain, garraiolarien istripuak lan-istripu gisa sailkatu beharrean, oro har trafiko istripuen estadistikak puzten dituztela salatu nahi dugu. Gauzak horrela, ezbehar larrienetan ematen den azpideklarazioa neurrigabe handituz doa istripuen larritasuna apaldu ahala Honen aurrean, Osalan eta Lan-ikuskaritzari gertatutakoaren berehalako ikerketa sakona eskatzen diegu, betiere, istripuaren arrazoiak eta egon daitezkeen ardurak argitze aldera. Halaber, enpresa eta langile autonomoen arteko koordinaziorako lan-osasun eta segurtasun betebeharrak jarraitu ote diren galdetzen diogu geure buruari.

Azpideklarazioaz gain, heriotza berri honek ezbehar kopuruen etengabeko gorakadan prekarietateak daukan eragin zuzena baieztatu besterik ez du egiten. Lan-istripuen ondorioz gertatutako heriotzek goraka jarraitzen duten bitartean, 2017an hildako langileen erdia baino gehiago azpikontratatutako enpresetakoak izan dira. Azpikontratazioak kostuen murrizketarekin izan ohi du zerikusia, eta inolaz ere “lan berezien” inguruko jardunekin, eta honek lotura estua dauka langileon lan- eta bizi-baldintzak okertzearekin. Guzti hau enpresen segurtasun araudiaren betegabetze nahiz presio, lan-erritmo eta lanegun jasangaitzetan ikustarazten da garraio sektoreko langileei dagokienean, gehienak autonomoak direlarik. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu behingoz beste aldera begiratzeari utzi, eta langileon segurtasuna bermatzeko daukan arduraz joka dezala, azpikontratazioaren inguruan enpresen iruzur eta betegabetzeak kontrolatu eta jarraitzeko neurri zorrotzak ezarriz.

Azkenik, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera antolatutako protesta-elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, datorren asteazkenean otsailak 22an goizeko 11:00tan Transportes Insausti, S:A enpresaren aurrean izanen dena, hain zuzen.