Langabetuen erdiek ez dute inolako langabezia prestaziorik jasotzen

2014/01/03
Zenbait arduradun politikok langabeziaren jaitsiera harrotasunez begiratzen duten bitartean, Hego Euskal Herrian 110.318 pertsona daude langabezian izena emanda eta inolako prestaziorik jaso gabe.

Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaraturiko datuek Hego Euskal Herrian (HEH) abenduan langabezian izandako pertsona kopurua 218.862koa izan dela adierazten dute, aurreko hilean baino 7.116 gutxiago eta duela urte bat baino 2.165 gutxiago.

Langabezia tasa %17,1ekoa da, EB-28koa baino 6,2 puntu altuagoa, eta soilik Kroaziak, Espainiar Estatuak eta Greziak daukate tasa altuagoa. Datuak argigarriak dira: zenbat eta murrizketa eta erreforma gehiago, orduan eta langabezia tasa altuagoa.

Oso larria da ere langabezian dauden pertsonen egoera babes sozial faltagatik. Izan ere Hego Euskal Herrian langabezian izena emanda dauden pertsonen %48,8ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen. Soilik hirutik batek (%30,6k) jasotzen du kotizaziopeko prestazioa, eta %20,6ak gizarteratze errenta edo subsidioa jasotzen du.

Prekarietate maila erakusten duen beste datu bat 2013an zehar sinaturiko lan kontratu guztien %93,9a behin behinekoa izan dela da. 

Penagarria da zenbait arduradun politikok giza emergentzia egoera hau begi onez begiratzea langabezia zerbait jaitsi delako. Egoera honetan ezin da esan lana errekuperatzen ari denik, ez eta askoz gutxiagorik ere. Gainera pobrezia eta prekarietatea mugaraino daramaten murrizketa eta erreforma politikak egiten dihardute oraindik ere.

Gizartearen eta enpleguaren egoera okerrera doa oraindik ere HEHan, eta bakarrik antolakuntza eta borrokaren bidez lortuko dugu egoera honetara bideratu gaituzten politikak aldatzea.