Lezako Ospitalean elkarretaratzea pribatizazioa salatzeko

2017/03/21
Gaur Lezako Ospitalearen aurrean elkarretaratzea deitu dute sindikatuek pribatizazio berri bat salatzeko, oraingoan ospitale honetako ikuztegiarena. Bertan, Osakidetzaren negozio-politika aldatu arte mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu dute.

Agiri bateratua:

Maria Jesus Mugikaren hitzetan, “Osakidetzaren negozioa osasuna da”. Hitz horiek ondo islatzen dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia: osasuna negozio iturri bihurtu nahi dute. Izan ere, iturri emankorra da bertan aritzen diren enpresentzat. Hona hemen hiru adibide:

  • Garbialdi: Azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.

  • IMQ Zorrozaurre: Azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.

  • Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute jendartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa kaltetzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida garatzen ari den unea oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.

Bien bitartean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu, ez diegu utziko osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitu ditzaten, betiere mobilizazio baketsuen bitartez.Argi daukagu Osakidetzaren negozio politika aldatu arte mobilizatzen jarraitzeko asmoa dugu.