Mercedeseko kontratazioetako iruzurraren aurrean Lan Ikuskaritza mutu

2017/03/13
Lan Ikuskaritzak ez dio Mercedeseko kontratazioetako iruzurraren eztabaidari heldu nahi. Argi dago, beraz, Eusko Jaurlaritza eta Mercedeseko zuzendaritzaren arteko adostasuna oso agerikoa dela.

Lan Kontseilari Maria Jesus San Joseren prentsaurrekoa eta gero (Eusko Jaurlaritzako Ikuskaritza Buru Ricardo Minguezek lagunduta), Gasteizko Mercedes Benz lantokiko ELA sailetik honako hau azpimarratu nahi dugu:

- Gogorarazi, ELAk (LAB eta ESK sindikatuen babesarekin) Arabako Ikuskaritzan jarritako salaketari esker, zuzendaritzak behartuta ikusi zuela bere burua aldi baterako 550 kontratu mugagabe bilakatzera.

- Lan Ikuskaritzak sententziaren berri eman zion enpresa zuzendaritzari, salaketa jarri zutenei bidali baino lehen. Ondorioz, enpresari aukera ezin hobea eman zion neurriak hartzeko. Hala egin zuen, gainera. Berehala, langile batzuk mugagabe egiteko konpromisoa hartu zuen zuzendaritzak. ELAK iragan den abenduan salatu bezala, salaketaren edukiari muzin egin eta Ikuskaritzarekin elkarlanean, Mercesedeko egoerari aldez aurretik bien artean adostutako irteera partziala eman zioten.

- Ondoren, otsailean hain zuzen ere, ELAk salaketa jarri ostean, Mercedeseko Enpresa Batzordeak Ikuskaritzarekin bilera egin zuen. Bilera horretan, jarritako salaketa modu partzialean behintzat kontuan hartu izana eskertu zuen ELAk. Bestetik, ordea, kezka agertu zuen. Izan ere, kontzientze zen oso, Ikuskaritzak ez zuela gatazka bere osotasunean lantzen eta ez ziola benetako konponbiderik eskaintzen Mercedeseko kontratazioetan dagoen iruzur handiari. Hori dela eta, ELAk salaketa berria jarri du.

ELAk uste du kontratazioetan gertatzen diren iruzur kasuak oso agerikoak direla eta estrategia baten parte direla: lan-baldintzak prekarizatzea eta etekinen marjina handitzea, Mercedesek produkzio maila historikoa duen une batean.

Lan Ikuskaritzari exijitzen diogu Mercedesen kontratazioetan gertatzen ari den iruzurra baztertu dezan. Ildo beretik, Lan Kontseilari Maria Jesus San Joseri eskatzen diogu, iruzurraren kontrako benetako neurriak hartu ditzan Mercedesen, neurri berriak aplikatuko dituztela jakinarazteko prentsaurreko hutsak egin beharrean. Izan ere, argi dago, denok dakigu iruzurra egon badela Gasteizko lantokian eta gaur egungo neurriek ez diotela behar bezala aurre egiten.