Mutualitateek enpresarien erantzukizuna zuritzen dute

2015/04/28
Lan-Osasun eta Segurtasunaren nazioareko egunean, ELAk bereziki salatu nahi izan du Mutualitateen Legea. Leire Txakartegi, Osasun eta Segurtasun arloko arduradunaren hitzetan "Mutualitateek lan zikina egiten diote patronalari, lan gaixotasun istripuak sistema publikora bideratuz eta enpresari kenduz gertatutakoaren erantzukizuna".

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi, Osasun eta Segurtasun arloko arduradunak, hartu dute parte gaur goizean Bilbon egin den batzarrean. Ondoren manifestazioa egin da Confebask patronalaren egoitzaraino.

Txakartegik salatu du osasun sistemaren pribatizazio prozesua azkartu egin dela eta "mutuei geroz eta botere gehiago eman zaiela". "Kontinjentzia arruntetan alta medikuak ematea falta zaie bakarrik", azpimarratu du.

Bestalde, gogoratu du lan-ezbeharren egoera oso larria dela oraindik ere Hego Euskal Herrian. Izan ere, joan den urtean 45 langile hil ziren lan istripuetan.