Mutuen eremuan emandako legezko aldaketek osasun sistema publikoaren pribatizazioa azkartzen

2014/09/17
Leire Txakartegi eta Leire Heredia, ELAko Lan Osasuneko arduradunak Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean izan dira Gizarte Segurantzako Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutuen inguruan emandako legezko aldaketak azaldu eta hauekiko ELAk egiten duen balorazioa adierazteko.

Onarturiko aldaketak beste urrats bat dira osasunaren sistema publikoa pribatizatze bidean (urteak dira prozesua hasi zenetik) eta mutuei botere handiagoa ematen zaie.

EDUKIEN GAINEKO BALORAZIOA: ELAren iritziz,

1.- Erreforma honek are gehiago zabaldu du mutuen ekintza-eremua eta urrats bat gehiago da osasun sistema publikoa pribatizatzeko bidean.

2.-Mutuen boterea handitu da gaixotasun arruntek eragindako bajen kudeaketan. Tresna gehiago izango dituzte eskura aipatu bajak lehen egunetik bertatik laburtzen saiatzeko: osasun zerbitzu publikoek hasieratik beretik emango diete mutuei bajaren berri; mutuek langilea osasun azterketa egitera deitu ahalko dute, eta langileak derrigorrez joan beharko du, prestazioa galdu nahi ez badu.

3.- Osakidetzako eta Osasunbideko medikuen profesionaltasuna jarri da zalantzan. Praktikan, mutuek gainbegiratuko dute sistema publikoko medikuen lana; medikuak presio handi baten mendean arituko dira, alta-proposamenei ahalik eta eperik laburrenean erantzun diezaioten; orain, gainera, ezarritako murrizketen ondorioz, medikuen lan karga nabarmen handitu da.

4.- Langileek babes txikiagoa izango dute mutuen gehiegikerien aurrean. Entitate horiek irizpide ekonomizista hutsen arabera dihardute legez gomendatu zaien funtzio publikoaren aurrean, hots, enpresa elkartuetako langileen lan osasuna zaintzea.

5.- Erreforma honen bidez, patronalari botere handiagoa eman zaio. Ez dugu ahaztu behar mutuak entitate patronalak direla eta patronalari atxikitako enpresek kudeatzen dituztela, ezta mutuetako zuzendaritza taldeak enpresa munduak izendatzen dituela ere. Horregatik daude enpresaburuekin elkar hartuta kasuan kasuko araudia interpretatu eta aplikatzerakoan, hartzen diren erabaki guztietan.

Horren adibide garbia Lujua jaunaren figura da, Confesbask-eko presidentea baita eta, aldi berean, Mutualia-ko kudeatzailea, hau da, EAEko mutua nagusia.

6.- Langileen osasunean eragin kaltegarria izango du. Behin eta berriz salatzen ari garen bezala, azken urteotako erreformak eta murrizketak langileriaren osasuna kaltetzen ari dira (presio handiagoa, beldur dira ez ote dituzten kanporatuko, arrisku psiko-sozialak handitu dira...). Lan absentismoa ez da arazoa. Langileek baja hartzeko beldurra dute, eta datuek erakusten dute ugaritu egin direla hain zuzen ere bajarik gabeko istripuak eta gaixotasunak. Gogoratu beharrean gaude lanera ez joatearen ondorioa -aldi baterako ezintasun egoera batek justifikatua egonik ere- kanporatze objektiboa izan daitekeela, azken lan erreformaren ondorioz (Langileen Estatutuaren 52d artikulua).

7.- Ez dira nahikoak mutuen kontrola arautzeko proposatu diren neurriak. Azken asteotan, hainbat mutua auzietan nahasirik agertu dira; Fremap-i, adibidez, 43,2 milioi euro erreklamatu dizkio Gizarte Segurantzak behar ez diren gastuak egin izanagatik; bestalde, Bartzelonako epaitegi batek Mutua Universal-eko 11 zuzendari ohi auziperatu ditu 200 milioiko iruzurra egiteagatik, edo Umivale-ko hiru zuzendari inputatu dituzte institutu publikoari iruzur egiteagatik.

ELAren PROPOSAMENA: Guzti horregatik, ELAk honako Batzordean planteatu du:

1.- ELAk berresten du erabat dagoela erreforma berri honen edukiaren aurka eta erreforma erretiratzea exijitzen du.

2.- ELAk dei egin dio EAEko Gobernuari behar diren politika publikoak gara ditzan, zertarako eta:

  • osasun sistema publiko eta integrala defenditzeko (eskumen esklusiboa daukagu gai honetan), osasunarentzako kalteak prebenitu eta konpontzea kontuan hartuko duena, hala lanean nola lanetik kanpo, eta lana duen pertsona eta lana ez duena modu berean babestuko dituena.

  • mutualitateekin elkarlanean ez aritzeko, horrela soilik bermatuko baita Osakidetzak irizpide ekonomizisten gainetik hiritarren osasuna babestea. Zentzu honetan, zera eskatzen diogu Osakidetzari: gaixoen informaziorik ez ematea mutualitateei eta horien datu pertsonalen babesa ziurtatzea.

  • behar diren neurriak hartzea Osakidetzako medikuek beren lana profesionaltasunez eta mutuen presiorik gabe egin ahal izan dezaten, beti ere duten erabakitzeko askatasuna errespetatuz.

  • gure lurraldean diharduten mutuak behar bezala kontrolatzeko.

  • Hego Euskal Herrian diharduten mutuen diruen soberakinak zuzenean hona etortzea eskatzeko, dirua zertara bideratu gure esparruan erabaki ahal izateko.

  • Gizarte Segurantzaren erabateko eskumena bermatuko duen babes sozialerako euskal esparrua exijitzea eta garatzea, GSINek euskal osasun sistema publikoan egin dezakeen esku hartzea saihestekol.

3.- ELAk negoziazio kolektibora eramaten jarraituko du gertakizun arruntak osasun sistema publikoan mantentzea edo hartara itzultzea.