Inolako aurrerapenik ez gaurko Osakidetzako Mahai Sektorialean

2014/10/22
Osakidetzako Zuzendaritzak ez du inolako aurrerapenik egin aurreko Mahai Sektorialetik. Bileran izan dugun zehaztapen bakarra OPEari buruzkoa izan da, 474 plaza aterako dira bi urteren artean. Enplegu sorrerari buruz, ordezkapen irizpideei buruz, lan-kargei buruz, jardunaldiari buruz ala garapen profesionalean ez da inolako aurrerapenik izan.

Gaur beste Mahai Sektorial bilera bat izan dugu, bertan Osakidetzako Zuzendaritzak ez du inolako proposamenik egin ez lan-baldintzak ez osasun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Mahai gainean hainbat gai ezarri ditu negoziazio itxurak egiteko, baina ez da benetako negoziaketarik burutu.

Zuzendaritzak eztabaida ezberdinak plazaratu ditu:

  • OPEari buru 2014 eta 2015 urteen artean 474 plaza aterako dituztela plazaratu dute. Gogorarazi nahi dugu Osakidetzan 8.000 behin-behineko langile daudela eta urtero 500 eta 600 langile artean erretiratuko direla. Hau da, OPE proposamen honekin Osakidetzak behin-behinekotasuna urtero 300 eta 400 lanpostutan haztea ekarriko du.

  • Plaza estrukturalak interinitate bitartez beteko dituztela esan dute honen bitartez behin-behinekotasuna txikituko delako itxurak egiteko. Gai honetan ere gogorarazi nahi dugu legeak hortara behartzen duela eta momentu honetan burutzen ez baduten legezkontrakoa dela. Horrez gain, lanpostu interino bat ez da finkoa, hots, behin-behinekotasunak aurrera jarraituko du.

  • Garapen profesionala Jaurlaritzaren borondatearen arabera beteko dela esan dute, hau da, ez da ezer zehaztu ez konprometitu.

  • Horrez gain, Osakidetzak planteatu du edozein hobekuntza burutu ahal izateko sindikatuon akordio esplizitua egon behar dela eta, ondorioz, beste murrizketa guztiak onartu behar direla. Orain arte murrizketa guztiak aldebakarrez burutu dituzte, edozein hobekuntza txiki burutzeko sindikatuok beste murrizketa guztiak onartu behar izatea txantaia argia da.

Proposamen hau ez da inola ere nahikoa eta sindikatu guztion artean adostutako eskakizunetatik oso urrun daude.

ELAk ondorengoa adierazi du:

  • Plantilla estruktural erreala erabat finkatu behar da, plantilla hau 25.800 lanpostu baino askoz gehiago dira. Orain lanean ari diren 8.000 behin-behineko langileak finkatzeko prozesu bat irekitzea eskatu dugu eta horretarako OPEak egitea. Bai Bizkaiko Aldundian bai Ertzaintzan posible izan da erreposizio tasen gaineko OPEak adostea, zergatik ezin da gauza bera adostu Osakidetzan? Gobernu honek ez du osasun sistemaren aldeko apustu argi bat egin nahi.

  • Langile finkoek lanera joan ezin dutenean ordezkatuak izatea eskatu dugu. Momentu honetan ordezkapenak ez-ohiko egoeretan bakarrik burutzen dira, honek lan-kargetan eta zerbitzuaren kalitatean ondorio larriak dauzka. Hemen ere ez dago urratsik emateko ondoriorik. Nola onar daiteke zerbitzu batzuetan langileen erdiekin lan guztia ateratzea?

  • Jardunaldia handitzearen ondorioz 1481 lanpostu suntsitu ditu egungo Zuzendaritzak. Lanpostu horiek berreskuratzen hasteko jardunaldia murriztea eskatu dugu.

  • 2011ko garapeneko deialdiak bere osotasunean betetzea nahi dugu, 2012ko urtarrileko efektuak izatea barne. Egun meritu berdinak aurkeztuta langileek ezberdin kobratzen dute, administrazioan eskala bikoitzak izatea onartezina da.

Mobilizazio bitartez bakarrik lortuko dugu lan-baldintzen eta osasun-zerbitzuaren aldeko hautua burutzea. Langileon esku dago mobilizazioaren bitartez eskaintza erabat hobetzea. ELAk mobilizazioekin aurrera egiteko jarrera irmoa mantenduko du.