Loiuko Aulaga Gurena erresidentziako langile baten kaleratzea baliogabetu du epai batek

2017/04/10
Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkan greba egiteagatik bota duten langile baten kaleratzea (Loiuko AULAGA GURENA) baliogabetu du epai berri batek. Epai berri horrek agerian utzi du nortzuk diren langileei xantaia egin eta beldurra eragiten dietenak: greba egiteagatik langileak kaleratzen dituztenak eta estrategia hori politikoki babesten dutenak.

2016ko uztailaren 8an, Loiuko AULAGA GURENA zahar-etxeko zuzendaritzak bi langile kaleratu zituen, ELAko afilituak biak. 10 urteko esperientzia zuten enpresan. Zuzendaritzak hutsegite larriak aipatu zituen kaleratzeak justifikatzeko baina ezin izan ditu hutsegite horiek epaitegian frogatu.

 

Iragan den urtarrilean lehenengo epaiketa izan zen, kaleratua izan den langileetako batena, hain zuzen ere. Epaia irmoa izan zen: kaleratzea baliogabetu zuen epaileak, oinarrizko eskubide bat urratzeagatik. Langilea berriz ere hartzera derrigortu zuen epaiak. Kaleratutako bigarren langilearen epaiketa, berriz, martxoaren 28an izan zen, eta kasu honetan ere, epaia irmoa izan zen: kaleratzea baliogabea zen oinarrizko eskubideak urratzeagatik. Ondorioz, kasu honetan ere, enpresa derrigortuta dago langilea berriz onartzera. Gainera, epaileak hala aginduta, langileak kaleratu aurreko baldintzak izango ditu eta kaleratua izan zenetik jaso ez dituen soldatak berreskuratu beharko ditu.

 

ELAk hasieratik esan zuen kaleratze horien atzean beste interes batzuk zeudela: ELAko militante izateagatik zigortzea, erresidentzietako greban modu aktiboan parte hartzen zutelako biek. Hala egiaztatu da gainera epaian. Izan ere, kaleratuak izan diren ELAko bi militante hauek erreferenteak dira euren lan-zentroan, baina baita sektorean ere.

 

Epai honek agerian utzi du nortzuk diren langileei xantaia egin eta beldurra eragiten dietenak: greba egiteagatik kaleratzen dituzten enpresak eta gatazka okertzea beste helbururik ez duen estrategia politikoa babesten dutenak. Argi ikusten da hori, zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetze aldera beharginek mahai gainean jarritako proposamenei bizkarra ematen dieten guztietan.