Ongi etorri errefuxiatuak, ongi etorri etorkinak!

2017/03/21
ELA sindikatuak bat egiten du Nazioarteko Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako egunean zapalketa horien aurka egunero borrokatzen duten norbanako zein kolektibo guztiekin. Hesi, harresi eta muga guztien gainetik: eskubide guztiak pertsona guztiontzat! Ongi etorri errefuxiatuak, ongi etorri etorkinak!

Oinarrizko aldarrikapen hau gure XXI.mende honetan bogan dugu. Estatu Batuetako presidente Donald Trump eta bere harresien izpiritu eta politikak ez daude hain urruti. Europa deituriko gotorlekuan bizi gara; itsaso zein lurretik hesituriko gotorlekuan; egunero milaka pertsonei kontinente honetarako sarrera debekatzen zaien Europan, alegia.

Migrazio politika komun bat ez edukitzeaz gain, Europar Batasunak Nazioarteko Zuzenbideari uko egiten dio eteganbe asilo eskubidea ukatuz, eta, horrela, milaka pertsonen oinarrizko giza eskubideak zapalduz.

Guzti honi azken urteotan Europa mailan inposatu diren austeritate politikak gehitu behar zaizkio. Politika hauek Euskal Herrian aplikatzen dira ere eta ondorio zuzena daukate zerbitzu publikoen zein politika sozialen funtzionamenduan, eta, noski, pobrezia zein bazterketa egoeran egoteko arriskua duten pertsona zein kolektiboengan, pertsona migranteengan, kasu.

Ongi etorri errefuxiatuak, ongi etorri etorkinak! aldarrikatzen dugu ELA sindikatutik, baina jakin badakigu sindikatuan ere badugula etxeko lanik arrazismo eta xenofobiaren aurkako borrokan modu aktiboan jarduteko.

Klase sindikatua izanda ere, badakigu langile klasearen barnean arrazakeria eta xenofobiaren diskurtsoak erabili ei direla zatiketa bat sustatzeko. Arrazakeria, klasismoa eta matxismoaren artean, egoeraz egoera, egunerokotasunean ematen diren gurutzaketa desberdinen aurrean adi egon behar dugu.

Aurreiritzi eta estereotipoak lantzeaz gain, aurten ELAtik eguneratutako atzerritartasun gida kaleratu nahi dugu. Gure asmoa da, eguneroko lan sindikalerako zein etorkinen eskubideen alde lanean diharduen ororentzat tresna erabilgarria izatea gida hau:

Euskaraz: http://www.mrafundazioa.eus/eu/dokumentazio-zentrua/inmigrazioa/atzerritartasun-gida

Gaztelaniaz: http://www.mrafundazioa.eus/es/centro-de-documentacion/inmigracion/guia-de-extranjeria/

Gogoratu ere, gaur, martxoak 21, 19:30etan elkarretaratzea egingo dela Arriaga plazan.

ESKUBIDE GUZTIAK DENONTZAT!