Lanbideko orientatzaileen lanpostuak mantentzeko akordioa

2017/03/13
Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek akordioa lortu dute, postu horietarako deialdia atzeratzeko, postuen berariazkotasuna jasotzen ez delako. Enpleguaren politika aktiboak 2011ko urtarrilean eskualdatu zirenetik, eta Lanbide eratu zenetik zerbitzu horren kudeaketa ezin txarragoa izan da.

Lanbide eratu eta bost urte geroago Eusko Jaurlaritzak ezarri zuen Lanpostuen Zerrenda gaizki dimentsionaturik zegoen. Zerbitzua behar bezala eskaintzeko eragozpenak ugariak dira: atal guztietan hornikuntza urriak, antolamendu-irizpide argirik eza, plantillen eskasia eta egonkortasunik eza… Eragozpen horiek eta guzti, plantilla beti saiatu da bere lana ahalik eta hobeto egiten, baldintza prekarioak izan arren. Gainera, kezkagarria ere bada gobernu honen joera zerbitzuak kanpora ateratzeko.

Testuinguru horretan, eta lekualdatze lehiaketaren ondorioz, Lanbideko Orientazio Zerbitzuko plantilla ia osoa kaleratzeko mehatxuaren aurrean, langileek borroka egin dute beren lanpostuen alde, lan-orientatzaile postuaren berariazkotasunaren alde eta Orientazio Zerbitzuaren beraren alde.

Beste ekintza eta mobilizazioen artean bost greba-egun burutu dituzte, ELAk eta LABek deiturik, hurrengo egoera hauek salatzeko: orientatzaileen %90 behin-behinekoak direla, kontratuak lege-iruzurrean eginak direla, eta gobernuak lanpostuaren berariazkotasuna jasotzeari uko egiten diola, izan badela onartu arren.

Borroka horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak lanpostu horietarako deialdia atzeratu behar izan du, postuaren berariazkotasuna zehazten ez den bitartean.

ELAtik zorionak ematen dizkiegu langileei, eta berriro azpimarratuko dugu mobilizazioa ezinbestekoa dela lan-eskubideak zaintzeko, eta prekarietatea ezabatzeko.