Osakidetzak aurkeztutako EPEak tenporalitatea %35etik gora mantenduko du

2017/06/23
Osakidetzak 3000 lanpostutako EPEa aurkeztu du gaurko Mahai Sektorialean, 2010etik lehen aldiz tenporalitatea murriztuko du, baina tenporalitatea %8tik behera jaisteko beharrezko ziren 10.000 lanpostuetatik urrun egongo da. Bestetik, Osakidetzak zerbitzu berriak ez pribatizatzeko konpromisoa berriz ere urratuko duela berretsi du.

ELAk behin-behinekotasuna hemendik hiru urtera egungo %43tik %8ra murrizteko kontsolidazio prozesua eskatu dio Osakidetzari, horretarako 10.000 lanpostu kontsolidatzea beharrezkoa da. Osakidetzak ez du horrelako negoziaziorik egin nahi izan eta egungo EPEa negoziatzeko aukera bakarrik eman du. ELAren ustez Europako epaiak izanik, ELAk berak irabazitakoak, eta Osakidetzako kontratazioaren parte inportante bat  legezkontrakoa dela adierazi ondoren, enpleguaren erregularizazio prozesua ireki beharra zegoen, baina ez da posible izan.

Edonola, ELAk balioa eman nahi dio tenporalitatea 1.300 lanpostu garbitan murrizteari. Mobilizazio eta erreklamazio judizialik gabe ez litzateke posible izango Osakidetzak azken hamarkadan egin duen EPE handiena martxan jarri izana. Zentzu horretan, ELAk langileei mobilizatzen jarraitzeko deia egiten die akordio hobe bat lortze aldera.

ELAk Estatuko legediaren malgutzea aprobetxatzeko Osakidetzaren borondate eza salatu nahi du, aukera honek ausardia gehiago exijitzen zuen azken 7 urteetan izan ez den aukera behar bezala aprobetxatzeko.

Bestetik, ELAk salatu egin nahi du Osakidetzak, sindikatuokin sinatutakoari huts eginez, Urdulizko Ospitaleko sukaldearen pribatizazioarekin aurrera jarraitzen duela. Horrez gain, ELAren ustez eskandalua da erabaki hau hartzeko Osakidetzak inongo argumentu tekniko edo ekonomikorik aurkeztu ez izana, behin eta berriro eskatu diogun arren.

Azkenik, ELAk Osakidetzarekin negoziatzeko bere borondatea berretsi nahi du, espero dezagun udan bueltan negoziatzeko jarrera topatzea eta enplegua duintzeko zein osasun zerbitzuaren kalitatea bermatzeko aukera aprobetxatzen jakitea.