Osakidetzan 215 kontratu azken lau urteetan

2017/02/27
Orain dela hilabete bat langile batek azken lau urteetan izandako 141 kontraturen kalteordaina exijitzeko eskaera egin zuen ELAk. Hori gainditzerik ez zegoela uste genuen, baina asteotan bi erreklamazio berri jarri ditugu, batean 215 kontraturen erreklamazioa egingo dugu eta bestean 197rena.

ELAk, Europako Justizia Auzitegiak ezarritako doktrina berriaren ildoari jarraiki, behin-behineko langileen kontratu bukaeretan kalteordaina eta iruzur egoeretan langileen egonkortasuna eskatzeko erreklamazioak prestatzen jarraitzen du. Jadanik 500 erreklamaziotik gora erregistratu ditugu Osakidetzan.

Asteotan erregistratutako bi eskaeretan eskandaluzko bi egoerarekin egin dugu topo. Bata, Debagoiena ESIko 60 urteko emakumea, erizain laguntzailea, azken lau urteetan 197 kontratu izan dituena. Bestea, erizain laguntzailea den emakumea hau ere, 53 urte ditu eta Bidasoako ESIan 215 kontratu izan ditu.

Orain gutxi Bidasoako ESIko Zuzendariarekin jardunaldi batzuetan parte hartu genuen, eta, bertan, Osakidetzan prekarietaterik ez zegoela defendatu zuen. Bidasoako ESIak, Osakidetza osoak bezala, prekarietatearen aldeko apustu argia egin du. Osakidetzak ezartzen duen enplegu politikarekin langile askorentzat ez dago bizi proiektu duina eraikitzerik. Osakidetzarentzat langileak fidelizatzerik ere ez dago, hainbat lanbidetan formazio nahikoa duten langilerik egon ez arren. Posible da langile horien adinarekin, oraindik ere egunero telefonoari begira egon behar izatea egun horretan lan egingo duten ala ez ikusteko?

ELAk, berriz ere, Osakidetzari gai hau seriotasunez hartzeko exijitzen dio. Hala eskatzen dio epaitegien bidea ekidin eta negoziazio prozesu baten bidez egoera konpondu ahal izateko. Osakidetzak Euskal Herriko ETT nagusi izateari utzi behar dio: behin-behineko 14.000 langile dauzka eta %40tik gorako behin-behinekotasuna. ELAk argi du egonkortasunaren eta duintasunaren aldeko apustua osasun-publikoaren aldeko apustua ere badela. Zentzu horretan, Osakidetzako Zuzendaritza berriak sentiberatasun bera izatea exijitzen dugu.