Industria Politikarik gabe ehunka lanpostu galduko dira

2017/07/10
ELA oso arduratuta dago azken asteetan industriatik jasotzen ari garen berriekin, ehunka lanpostu galtzezko arrisku bizia dugu. Bereziki arduratzen dio sindikatuari enpresa horietako gehienak bideragarriak direla, baina hori ez dela nahiko enpleguari eusteko. Itxieren aurrean Tapia Sailburuaren jarrera onartezina iruditzen zaio. ELAk gogoratu du enpresetako batzuetan funtsezko arazoa epe laburreko likidezia dela, "Tapia Sailburuak ez badu gaitasunik enpresa hauen itxiera ekiditeko bere kargua utzi beharko luke. Harrokeria albo batera utzita gure sindikatua har dezala eskatzen diogu bestelako Politika Industrial bat eztabaidatzeko".

Peio Igerei, politia inustrialeko eta nagoziazio kolektiboko arduraduna, Unai Martinez, industria eta eraikuntza federazioko idazkari nagusia eta Mari Jose Viso Ezkerraldeako metaleko arduraduna izan dira gaurko agerraldi publikoan.

ELA oso arduratuta dago azken asteetan industriatik jasotzen ari garen berriekin, ehunka lanpostu galtzezko arrisku bizia dugu. Bereziki arduratzen gaitu enpresa horietako gehienak bideragarriak direla, baina hori ez dela nahiko enpleguari eusteko. Zergatik itxiko dira orduan?

Enpresa batzuen kasuan deslokalizazio zuzenak dira, hemen irabaziak izan arren are irabazi gehiagoren bila aldegin nahi dutenak (Ingemar edo General Electric). Beste batzuen kasuan negozio bideragarriak izan arren, epe laburreko zorrei aurre egiteko likidezia arazoak dauzkate (CEL edo Xey). Fagor-CNAren industria plana gezurrez beterik dago. La Navalen etorkizuna zalantzan dago pribatizazioaren ostean. 180 langile ditu bere plantilan. Azpikontrateetan, aldiz, 1.800 langile izatera iritsi da.

Enplegu galera honen atzean Eusko Jaurlaritzaren Politika Industriala dago; enplegu galera eredu baten ondorioa da. Eusko Jaurlaritzaren pasibitateak enpresa hauen itxierarekin ehunka familien etorkizuna kolokan jarriko du.

Eusko Jaurlaritzaren Politika Industrial bakarra multinazionalen esanetara jartzea da. Gure herria low-cost lurralde moduan saltzen dute atzerrian, horretarako Bizkaiko Ahaldun Nagusia erabiltzen dute. Hemen paradisu fiskal bat ezarri dute multinazional arimagabeak erakartzeko, Europear Batasunetik zigorrak jaso ditugu horregatik. Multinazional hauek edozein momentutan ihes egitea erabakitzen dute are erakargarriagoak diren lurraldeen bila, eta bien bitartean lan-baldintzak okertzeko txantaiak etengabeak dira, gu esplotatzen uzten ez badiegu hemendik alde-egitearekin mehatxatzen gaituzte.

Itxieren aurrean Tapia Sailburuaren jarrera onartezina iruditzen zaigu. Ostiralean esan zuen inbertsoreek ihes egitearen ondorioz itxiko direla enpresa hauek, zinismoz beteriko hitzak dira hauek, CEL enpresatik ihes egin duen inbertsorea Eusko Jaurlaritza dela eta Xeyn ere Eusko Jaurlaritza akzionista dela kontuan izanik.

Azken urteetan hainbat euskal enpresen akzioak atzerriko konpainien eskutara pasa dira (Gamesa, Euskaltel, ITP, Cementos Lemona, Naturgas...) eta Sailburuak horiek guztiak txalotu izan ditu. Ondoren enpresak deslokalizatzen direnean asaldatu itxurak egiten ditu.

Gai hauei guztiei buruz berarekin hitz egin nahi izan dugu eta bilerak eskatu dizkiogu, baina Sailburu honek ez du ELArekin bilerarik onartzen. Are gehiago, orain urtebete gure sindikatuari bere ordezkaritza kendu behar zitzaiola esan zuen publikoki. ELAk bestelako Politika Industrial bati buruz hitz egin nahi du berarekin, baina ez du eztabaidatuko duen inor onartzen. Patronalarekin biltzeko, ordea, ez du inolako arazorik izaten.

ELAk bestelako Politika Industrial bat nahi du, lau zutabetan oinarrituta:

  • Sektore estrategikoetan inbertsio publikoa hazi egin behar da. Enpresen sorrera ezin da multinazionalen esku bakarrik utzi.
  • Sektore estrategiko horiek euskal jendartearen beharrak asetzera zuzendua egon behar dute eta aberastasunaren sorrera ingurumenarekin orekan egin beharra dago.
  • Lan-baldintza duinak bermatuko dituzten enpresak nahi ditugu.
  • Erakunde fintzantziero publiko indartsu bat behar dugu hau dena aurrera eramateko. Zentzu horretan, Kutxabank-en pribatizazioa oso larria da eta Kutxabank-ek euskal enpresa inportanteetatik akzioak saldu izana arduratzekoa.

Enpresa itxierak ez dira istripuak, aipatutako Politika Industrial oker baten ondorio dira. Oraindik ere arriskuan dauden lanpostu guztiak mantentzeko tenorean gaude, beti ere Eusko Jaurlaritzak beste inplikazio maila bat hartzen badu. Enpresetako batzuetan funtsezko arazoa epe laburreko likidezia da, Tapia Sailburuak ez badu gaitasunik enpresa hauen itxiera ekiditeko bere kargua utzi beharko luke. Harrokeria albo batera utzita gure sindikatua har dezala eskatzen diogu bestelako Politika Industrial bat eztabaidatzeko.