Prekaritatea nagusi Bidasoako Ospitalean

2015/12/16
Bidasoako ESI (Erakunde Sanitario Integrala) honetan, maiatzean 327 ezkutuko enplegu zeudela agertzen da (plaza estrukturaletako 500 kontratu). Bidasoako ESI honen egituran bertako ospitala eta Irun eta Hondarribiko bi anbulategiak ageri dira. Prekarietate egoera hau salatzeko, ELAk elkarretaratzea deitu du Bidasoa Ospitaleko sarreran.

ELAk parlamentutik igorritako informazioa baliatuz Osakidetzan prekarietateari buruzko txostena egin du. Bertan, ESI honetan, maiatzean 327 ezkutuko enplegu zeudela agertzen da (plaza estrukturaletako 500 kontratu). Ezkutuko enplegu deitzen diogu behin-behineko langileekin betetzen diren postuei, gehienak lan akumulazioagatik egindakoak dira, eta hauek momentuko beharrei erantzuteko baino estrukturala den lana egiteko erabiltzen dira gehienetan. Legedian mugatuta egon arren gehienak urteetan luzatzen dira gainera. Hau gutxi balitz Osakidetzak lanpostu hauek nahierara sortu eta suntsitzen ditu eta ondorioz langileek ez daukate lan-eskubiderik ez lan egiteko askatasunik.

Behin-behineko langileak kontratatzerako orduan Osakidetzak arau batzuk ditu, 2011ko maiatzaren 9ko akordioan datozenak. Kriterio hauekin ELA ez dator bat baina gaur indarrean dauden arauak dira eta sindikatu honek uste du errespetatu behar direla.

Honaino iritsita, ELAk aipatutako ezkutuko lanpostu hoiek salatzeaz gain eta lanpostu estrukturetan bihurtu ditzaten eskatu, ESI honetako zuzendaritzak kontratazioari buruzko akordioak ez betetzea salatu nahi dugu.

ESI honetan denbora daramagu behin-behineko kontratazioari jarraipen zehatza egiten eta kasu larriak ikusi ditugu: jubilazioagatik hutsik gelditu diren lanpostuak Gasteiztik bete beharrean ESI honek kudeatu ditu, edo elkarrekin zerikusirik ez duten kontratuen luzapena egin langile hori bigarren prioritatean dagoelako eta hain begibistan ez gelditzeko. Azken kasu honetan “luzatutako” bigarren kontratu hori plaza erreserba bat da eta horrela egin ordez zerbitzu eginkizunetara atera behar luke zuzendaritzak, mugikortasunean inork ez baitu eskatu.

Gehienetan, iruzur kasu hauek Ospitaleko “zona noble” bezala ezagutzen dugun departamentuan gertatzen dira. Zuzendaritzari gogorarazi nahi diogu postu hauek ez direla “konfidantzazkoak”, eta beraz ezarritako kriterioak bete behar dituztela.

Emandako irregulartasun hauek ESI honetako zuzendaritzaren aurrean salatu ditugu eta jaso dugun erantzuna “Ospital honetan fideltasuna gailentzen da” izan da.

ELAtik oso larria iruditzen zaigu ESI honetako zuzendaritzak kontratazioa ETT bat izango balitz bezala kudeatzea. Izen abizena duen kontratazio eredu hau, iruzurra izateaz gain, beldurra eta konfidantza falta sortzen du behin-behineko langileengan.