Prestazioak murriztu nahi dituzte langileak derrigortzeko miseriazko kontratuak hartzera

2015/01/15
ELAk salatu duenez, "Enplegua aktibatzeko Programa" delakoaren baitan jasotzen diren laguntzek, esaterako 426 euroenak, helburu bat dute: prestazioak murriztea langileek miseriazko kontratu prekarioak onartu beste aukerarik izan ez dezaten. Gaur indarrean sartuko den 426 €ko laguntzarekin "kontratu prekarioak diruz laguntzen ditu" administrazioak, sarri "lege-iruzurrean eginda dauden arren".

ELAko idazkari nagusia den Adolfo Muñozekin batera Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak eta Janire Landaluze azterketa bulegoko kideak eman duten prentsaurrekoan aipatutako aktibazio ekonomikorako planaren kritika egin dute. Plan hau duela gutxi sinatu zuten Rajoyren Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEOE patronalarekin. Hain zuzen, 426 euroko laguntza da plan horren neurririk deigarriena.

Muñozek esan du plana sinatu duten sindikatuek barkamena eskatu beharko lieketela herritarrei, izan ere, programa honek "prestazio sozialak murrizten ditu langileek miseriazko kontratu prekarioak onar ditzaten". Bere iritziz, akordioak agerian uzten ditu Espainiako elkarrizketa sozialaren mugak, eta berton garatzen dena estatukoaren azpisistema besterik ez da. Muñozek kargu hartu dio Eusko Jaurlaritzari bere profil politiko eskasagatik, Madrilek inposatzen dituen erabakiei men egiten baitie inolako konfrontaziorik gabe.