Sidenor: “Lan karga ezagatik” ERTE bat onartu ostean, lan jardunaldia gehitzen da

2016/12/28
ELAk kezka handiz adierazi nahi du, prozesu honetan enpresak ez duela inolako konpromezurik hartu lantegien etorkizunari dagokionean, ez eta enpleguari buruz. Ez du inbertsiorik agindu, industria planik zehaztu, finean ez du bermatu euren lan baldintzak okertuak izan dituzten horien etorkizuna.

Bart gauean, Sidenor enpresan esparru akordioaren edukin nagusiak adostuak izan dira. Denbora gutxian eman den negoziaketa prozesu batean  eta langilegoaren inolako partehartzerik eman ez denean, beste behin, lan baldintzak suntsitzen dira.

Aste gutxi batzutan, lan karga ezagatik ERTE bat plazaratzetik, langileak langabeziara bidali ahal izateko,  urteko lan  jardunaldiari 5 egun gehitzera pasa da. Lan jardunaldia eta malgutasuna gehitzea dira etorkizunean langileak soberan izateko bermerik onenak. Jardunaldi haundiago eta malguagoa duen langilegoarekin, lanpostu gutxiago behar izaten dira. Egungo langabezi testuinguru honetan, sinatzaileak diren sindikatu hauek jardunaldia gehitzera dedikatzeak argitzen du ze konpromezu mota duten jendarte honekin.

Kezka handiz adierazi nahi dugu, prozesu honetan enpresak ez duela inolako konpromezurik hartu  lantegien etorkizunari dagokionean, ez eta enpleguari buruz. Ez du inbertsiorik agindu, industria planik zehaztu, finean ez du bermatu euren lan baldintzak okertuak izan dituzten horien etorkizuna.

Adostu diren soldata igoerek ez dute KPIarekiko inolako erreferentziarik gordetzen, zati batean ez dira errotuak eta bestalde baldintzatuak dira soilik enpresak kontrolatzen dituen zenbait aldagarrietara. Sidenor-en lan egiten dutenek, 2012an izan zuten %5eko soldata galeraren ostean, 2019 urterarte zain egon beharko dute 7 urte atzerako soldatak berriro izan ditzaten. Bestalde, 7 urte hauetan, soldata berbera izanda, 12 egun gehiago lan egin beharko dituzte, guzti honi gehituz enpresari neurrira datorkion malgutasuna. Atzerapausu bidegabea, non enpresak langileen etsairik haundiena den gehiengo sindikala baliatzen duen.

Zinismoaren gaindian, enpresak eta sindikatu sinatzaileeek adostu dute akordioaren berrespena aste bateko epearekin izan behar dela. Langilegoaren zati handi bat oporretan dela baliatu nahi da, izkutuan eta langileei bizkar emanda sortu den akordio hau, berresteko.

ELAtik iruditzen zaigu oso larria dela Sidenor-en gertatzen ari dena. Gasteizko gobernua zuzenean interpelatu nahi dugu. Jakin nahi dugu ze iritzi duen, bere langilegoa langabeziara bidali ahal izateko eskaria egiten duen enpresa batetaz (ondorioz diru publikoa jasotzen duena, langileen prestazioen bidetik) zeinek bitartean lan jardunaldia gehitzen duen.

Azkenik, Sidenor-eko langileei mezu bat. Enpresa zuzendaritzak eta sinatzaileak diren sindikatuek helburu berbera dute: langilego etsitu eta mendeko bat, edozer onartzera prest egongo dena. ELAtik sutsuki aurre egingo diogu helburu horri. Euskal Herriko metalurgiaren egungo testuinguruan, non lan baldintzak hobetzen doazen, gero eta hitzarmen gehiago adosten diren lan erreforma baliogabetuz, ez dugu onartzen Sidenor-en lan baldintzen okertzea ematea akordioz akordio.