Sindikalgintza feminista eraikitzen

2017/03/07
ELAk borrokaren lehen lerroan dauden emakumeak omenduko ditu Martxoaren 8a dela-eta Bilbon egingo duen ekitaldian

Asko dira uneotan borrokaren lehen lerroan dauden emakumeak. Klase sindikalismoa eta borroka feminista partekatzen ari diren pertsonak dira. Izan ere, borroka hauek bat egiten dute bizitzaren prekarietatea eta prekarietate laborala elkar-gurutzatzen direnean.

ELAk emakume guzti hauek omendu nahi ditu aurtengo Martxoaren 8an. Horretarako ekitaldi bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran (Bilbon) duen Paraninfoan; ekitaldia 10:15tan hasiko da. Lehendabizi Nagore Uriartek egindako Sindikalismoa feminismotik dokumentala ikusteko aukera egongo da. Ondoren, zerbitzu publikoetako ordezkari Esther Saavedrak gidatuta solasaldi bat egongo da. Bertan ELAko berdintasun arduradunek –Jone Bengoetxeak eta Leire Txakartegik– honako bi gai hauek landuko dituzte hurrenez hurren: borroka sindikalaren eta borroka feministaren arteko uztarketa eta genero eraldaketarako antolakuntza prozesua ELAren baitan. Ekitaldiari amaiera emateko ezusteko bat egongo da. Oraingoz ezin dugu gehiago aurreratu, baina bertan borroka ezberdinetan lehen maila egon diren hainbat emakume omenduko dira.

Ondoren, 12:00tan, manifestazio batek EHUko Paraninfoa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza lotuko ditu. Manifestazioan Bizkaiko erresidentzietako langileek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, egun horretan lau astetako greba eta mobilizazio txanda berri bati ekingo diote. Manifestazioaren ostean amaiera ekitaldi bat egongo da; bertan borroka eredugarri hau eramaten ari diren emakumeak omentzeaz gain sindikatu osoak lan gatazka honi bere atxikimendu oso erakutsiko dio. Gora emakumeon borroka! Gora Bizkaiko erresidentzietako langileak!