Sindikatu eta patronalek ez lukete dirurik jaso behar prestakuntza iraunkorra emateko

2014/07/21
ELAk esan du egungo heziketa iraunkorreko ereduak porrot egin duela. Sindikatuaren iritziz duela 20 urte Langileen Prestakuntzarako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten akordioa berreskuratu behar da egungo egoeratik irteteko. Izan ere, heziketa negozio iturri bihurtu da bai CCOO eta UGT sindikatuentzat zein Confebaskeko partaide diren Adegi, SEA, eta Cebek patronalentzako.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiarekin batera Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna, eta Janire Landaluze, ikerketa bulegoko kidea, izan dira gaur Bilbon enplegurako prestakuntzaren inguruan ELAk egin duen txostena aurkezten. Txostena Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailera igorri dela aurreratu dute hirurek, nahiz eta “ itxaropenik ez izan”.

1995ko urrian EAEn Langileen Prestakuntzarako Lanbidearteko Akordioa sinatu zuten ELAk, LABek, CCOOek, UGTk, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak; hori izan zen Hobetuzen sorburua. Bere helburua zen prestakuntza eredu propioaren alde egitea eta garatzea. Eredu hau espainiar estatuan indarrean zegoenari kontrajarri zitzaion. 2007an Eusko Jaurlaritzak, estatuari aurre egitea baztertu eta eredu estatala hautatu zuen.Hau izan zen ELAk (LABekin batera) erakunde hartatik alde egiteko arrazoia.

ELAren aburuz enplegurako prestakuntzan gertatzen dena lotuta dago “elkarrizketa soziala” delakoarekin. Izan ere, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalarentzat prestakuntza iraunkorra diru iturri bihurtu dute.

ELAren esanetan eredua ekonomia produktiboaren eta langileen beharrizanen zerbitzura jartzea da. Eredua taxutzeko abiapuntutzat euskal enpresek eta langileek dituzten prestakuntza beharrizanen azterketa zorrotz, oso, etengabe eta eskualde mailakoa egin behar da. Era honetan, Lanbide heziketako zentroen eginkizuna lehenetsi eta prestakuntza planetako dirua sindikatuei eta patronalari esleitzea galarazi.

Benetako eskandalua da funtsen %37tik gora patronalak, CCOOek eta UGTk beren buruari bideratzea. Hogei urteko eztabaidaren buruan, honez gero euro bat ere ez da joan behar patronalak edo sindikatuek kudeatzen dituzten planetara. Enplegurako prestakuntzan lanbide heziketako ikastetxeen eginkizuna indartu behar da, hauek baitira benetan horretarako gaitasuna dutenak.