Sortu den enplegua guztiz aldi-baterakoa izan da

2016/11/03
2016ko urrian langabezian behera egin du, baina egindako kontratuak aldi-baterakoak izan dira eta langabezian geratu direnen gehiengoak ez du inolako prestaziorik jasotzen.

2016ko urrian 179.887 pertsonak izena emanda izan du langabezia egoeran Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 3.521 gutxiago eta urtebete lehenago baino 16.718 gutxiago. Horietatik 99.658 emakumeak dira (%55,4) eta 12.828k 25 urte baino gutxiago ditu (gazteen kasuan gizon-emakumeen artean era berdinean banatzen da langabezia).

Egindako kontratuak 122.967 izan dira urrian, irailan baino 6.736 gutxiago baina 2015eko urrian baino 5.686 gehiago. Hala eta guztiz ere, soilik 7.959 izan dira mugagabeak eta gainontzeko 115.008ak aldi-baterakoak izan dira; horrela, kontratazioan egondako tenporalitatea %93,5ekoa izan da.

Urte osoko datuei dagokienez, urrira arte 1.067.128 kontratu egin dira; horietatik 70.401 mugagabeak (%6,6) eta 996.727 aldi-baterakoak (%93,4).

Gainera, irailean egondako langabeen %37,7ak soilik jaso du langabeziagatiko prestazioren bat; gainontzeko langabeen %62,3ak inolako babesik izan ez duelarik. Prestazio horietara irailean bideraturiko diru-kopurua 71.818.000 eurokoa izan da, urtebete lehenago baino 11,5 milioi euro gutxiago (%13,8ko gutxitzea eman delarik, beraz).

Hori dela eta, urrian Hego Euskal Herriko langabeziak behera egin duen arren sortu den enplegua guztiz aldi-baterakoa izan da eta, are gehiago, langabezian geratu direnen gehiengoa inolako babesik gabe geratu da egoera latz horretan.