Diputazioak enpresei eskaintzen ez duten zerbitzu batengatik ordaintzen jarraitzen die

2017/04/26
Bizkaiko Erresidentzietan gutxieneko zerbitzuei jarritako helegiteak agerian uzten du beste behin Foru Aldundiak patronalaren interesak defendatzen dituela; Eusko Jaurlaritzak berak onartzen du eskaintzen den zerbitzua estrukturalki eskasa dela

Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzak agindutako gutxieneko zerbitzuari, kautelazko-neurriak eskatuz. Foru Aldundiak egiten duen eskaerak –zerbitzu minimoen zabalkundea eskatuz, agerian uzten du beste behin Diputazioak sektoreko langileen greba eskubidea indargabetzeko eta sektorearen egoera larria ikusezin egiteko egiten dituen ahaleginak.

ELArentzat Diputazioaren jokabidea oso larria da, are eta gehiago behin eta berriz esaten duenean ez dela gatazkaren parte. Esaten dute “enpresen eta langileen arteko gatazka” bat dela, baina gero gutxieneko zerbitzuen kontrako helegitea jartzen dute; bide batez, aipatu beharra dago ez sektoreko enpresek ez langileek ez dutela helegitea jarri. Diputazioa bera da soilik patronalen interesak defendatzen dituena, dagoeneko bi aldiz handituak izan diren gutxieneko zerbitzuak handitzea exijituz. Helburu bakarra sektoreko langileak greba eskubidea gabe uztea da.

ELAk Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia salatu nahi du. Izan ere, Foru Aldundiak gutxieneko zerbitzuak handitzeko eskaera egin du, ustez, zahar etxeetako egoiliarren ongizatea bermatzeko, baina praktikan, urteko gainontzeko 365 egunetan ez die inongo arretarik eskaintzen. Urte osoan aritu dira erresidentzietako langileak eta egoiliarren senideak zentroetako egoera kezkagarriaren berri ematen, baina Aldundiak beste alde batera begiratu du. Orai, ordea, euren ongizatearen aitzakipean grebarako eskubidea ukatu nahi du.

Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako helegitearen kontra dago ELA, baina ez da bakarra. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ere ez du begi onez ikusten. Jaurlaritzak berak adierazi bezala, “egiturazko arazo baten aurrean gaude, pertsonen bizi-itxaropena handituz joan den heinean, gero eta pertsona gehiago baitaude menpekotasun egoeran. Ez dago, ordea, pertsona horiek modu duinean atenditzeko langile nahiko eta arazo hori ez da konponduko grebarako eskubidea are gehiago murriztuz, are gutxiago berau ezabatuz”. Egoera honen aurrean, ELAk helegitea jarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartutako kautelazko neurriak bertan behera uzteko.

Ezin aipatu gabe utzi, Bizkaiko Foru Aldundiak gutxieneko zerbitzuak handitzeko helegitea jartzen duen bitartean jarraitzen duela sektoreko enpresei ordaintzen greban zehar eskaini ez duten zerbitzu baten truke. Horrek ondorio bikoitza dauka: alde batetik, eskaintzen ez den zerbitzu baten kontura aberasten ari dira enpresa horiek; bestetik, gatazka sozial eta laboral hau konpontzeko inongo borondaterik ez duten enpresa horien jarrera saritzen dute.