Zahar-egoitzetako langileei Arriaga Plazan gatazkari buruzko informazio-gune bat jartzea debekatu die Bilboko Udalak

2017/05/25
ELA sindikatuak demanda bat aurkeztuko du Bilboko Udalaren aurka, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea urratzeagatik. Langile grebalariek elkarretaratzea egin dute Bilboko Udalaren aurrean, azken horrek Arriaga plazan gatazkaren inguruko informazioa emateko karpa bat jartzea galarazi duela salatzeko.

Bizkaiko zahar-etxeetako langile grebalarien agiria

 

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilboko udaletxearen aurrean, Bilboko Udalak biltzeko eta manifestazia egiteko dugun eskubidea urratu duela salatzeko. Izan ere, datorren asteburuan Arriaga plazan kanpaldia egiteko baimena eskatu genuen eta Udalak ukatu egin digu, Ertzaintzaren baimena eduki arren.

Orain dela hilabete bat egin genituen egin beharreko izapideak dagokien erakundeetan, kanpaldiak egin ahal izateko. Are gehiago, udal ordezkariekin adostu genituen bai ekimenerako lekua baita egunak ere.

Hona hemen Bizkaiko erresidentzietako langile grebalarien agiria:

Informazio-karpa instalatu baino hiru egun lehenago Bilboko Udalak ezuztean harrapatu gaitu, ez baitigu bermatu biltzeko eta manifestatzeko eskubidea. Horren aurrean aitzakia jarri dute: Arriaga plaza pertsona guztientzako jarduerak garatzeko tokia dela (aisialdiarekin eta artearekin loturiko ekintzak egiteko espazioa), eta jende asko igarotzen dela hortik.

Langile grebalarion iritziz, erabaki horrekin Aburto alkateak isilarazi nahi gaitu, besterik ez, alegia, zahar-egoitzetako sektorean lan-baldintza duinen alde egiten ari garen borroka ezkutatu nahi du.

Izan ere, Arriaga plazan asteburu guztietan egiten dira ekintzak ―gizarte, aisia, jai, kultura, kirol eta erreibindikazio tankerakoak―, eta horiek denek, neurri handiagoan edo txikiagoan, badute beren eragina oinezkoen ibileran; baina harritzekoa da gurea izatea, hain zuzen, debekatu dutena.

Biltzeko eta manifestatzeko eskubideari egindako eraso larri horren aurrean, langile grebalariok demanda bat aurkeztuko dugu epaitegian aste honetan bertan, gure borroka gizartean ikustarazteko.

Lehenengo, gutxieneko zerbitzu gehiegi ezarriz gure greba-eskubidea itotzen saiatu dira, egoitza txikietan erabat eragotziz, eta handietan 10 langiletik 8ri grebarako eskubidea oztopatuz. Eta hori gutxi balitz bezala, orain, Unai Rementeriaren zuzendaritzapeko Foru Aldundiarekin elkarlanean, beste pauso bat ematea erabaki dute, eta pairatzen dugun egoera larria kalean salatzea ere debekatu digute.

Egoera latz honetan argi eta garbi esan behar dugu gure agintariek ez dutela beren helburua lortuko, guk ez baitugu gure borroka bertan behera utziko. Langile grebalariok ez gara geldituko sektoreko langileen eta erabiltzaileen lan-baldintzak eta bizimodu-baldintzak duindu arte.