Hemen zaude: Hasiera Atalak Azterketa bulegoa Albisteak Langabeziagatiko prestazioen murrizketa
Albisteak

Langabeziagatiko prestazioen murrizketa

2016/03/22
Langabeziagatiko prestazioak murrizten ari dira, 2012 eta 2015 artean 632 milioi euro gutxiago bideratu direlarik. Honek zuzenean eragiten du hartzaile kopurua eta batez besteko kopurua jeistea.

Familia askoren biziraupena bermatzen dute langabeziagatiko prestazioek. Gainera, kapitalismoak sortzen duen langabezia estrukturala zati batean estaltzeko adabaki txiki bat dira prestazio hauek.

Hala eta guztiz ere, prestazio hauetara bideratzen diren diru baliabideak urritzen ari dira azken urteotan. Horrela, gaur egun Hego Euskal Herrian dauden langabeen %59k ez du inolako prestaziorik jasotzen. 2012 eta 2015 artean 632 milioi eurotan murriztu dira prestazio hauek gure herrialdean.

2015ean, Hego Euskal Herrian, guztira, 1.073,4 milioi euro bideratu ziren kotizaziopeko eta kotizaziorik gabeko langabezia-prestazioak ordaintzera, eta dirutza hori 2015erako zenbatetsi den BPGaren %1,24ri dagokio. Zenbateko hori %21,2 gutxiago da 2014an bideratutakoa baino (2014an 1.363,1 milioi euro gastatu baitziren; eta dirutza hori 2013an gastatutakoa baino %18,4 gutxiago izan zen).

Grafikoak erakusten duen bezala, 2009 eta 2013 artean urtero 1.500 eta 1.700 milioi euro artean bideratu ziren horrelako prestazioetara, hau da, Hego Euskal Herriko BPGaren %1,7ren eta %2ren baliokidea. Baina 2014an eta 2015ean, dirutza horrek nabarmen egin du behera, BPGaren %1,6 eta %1,2 izan baita.

Prestazio horietan izaniko gastu murrizketak askoz ere handiagoak izan dira langabeziaren murrizketa baino: izan ere, 2012tik 2015era, prestazioetan eginiko gastuak %37 egin du behera, eta langabeziak, aldiz, %25 egin du behera (EPAren arabera; SEPEren arabera, % 12,6 jaitsi da).

Murrizketa horien ondorioz, gero eta langabe gutxiagok jasotzen dute langabezia-prestazioren bat, eta era kezkagarrian jaitsi da hala langabe bakoitzeko eginiko gastuaren ratioa, nola hartzaile bakoitzaren batez besteko prestazioa.