Hemen zaude: Hasiera Atalak Azterketa bulegoa Albisteak Soldata minimoa igotzeko arrazoiak soberan daude
Albisteak

Soldata minimoa igotzeko arrazoiak soberan daude

2016/11/03
Egun dagoen soldata minimoa oso murritza da, pobrezia mailaren azpitik kokatzen delarik Hego Euskal Herrian. Ez da bidezkoa biztanleria eta langileria txirotzen dituen politika neoliberalak ezartzea.

Gutxiengo soldataren inguruan eztabaida sakon eta ugariak ematen dira. Batzuen ustez langabezia sortzen duen faktorea da, beste batzuen hitzetan duintasuna bermatzen duen gutxienekoa, beste askok txikiegia den kopurutzat hartzen dutelarik.

Ukatu ezina da kopurua, Estatu espainiar osorako berbera baita: egun gutxiengo soldata hileko 655,20 eurotan kokatzen da 14 ordainalditan (edo 764,4 euro 12tan). Estatu espainiarrean populazioaren %13ak kobratzen duelarik kopuru hori, Europar Batasunean soldata minimoa kobratzen dutenak %9 dira. Beraz, gutxiengo soldataren igoera batek populazioaren zati handi baten ongizatea hobetu dezake.

Nazioarteko Lanaren Erakundeak Estatu espainiarrean duen zuzendariak, Joaquin Nietok, soldata minimoa igotzeko aukera handia dagoela azpimarratu berri du. Eta, ez hori bakarrik, gutxiengo soldataren igoerak langile asko pobrezia egoeratik aterako dituela ere esan du.

Gaur egungo gutxiengo soldata batez besteko soldataren %41 inguru da Estatu espainiarrean, ehuneko are baxuago bat Hego Euskal Herrian (hemen soldatak altuagoak baitira batez bestean). Gutxiengo soldata optimoa kalkulatzeko erabiltzen den batez besteko soldataren %40-%60 marjina kontuan izanik, Estatu espainiarrean gutxiengo soldata hileko ia 1.000 eurora igo daiteke, bertako batez besteko soldata hileko 1.650 euro ingurukoa baita. HEHan gutxiengo soldata beti ere kopuru horren gainetik ezarri daiteke: hemengo batez besteko soldata hilean ia 2.000 eurokoa da; horren %60 hilean 1.200 eurotan kokatzen delarik.

Biztanle bakoitzeko urtean sortutako moneta balio ofizial edo BPG per capitarekiko alderatu ezkero, gutxiengo soldata %28,4koa da EAEn eta %31,7koa Nafarroan (Estatu espainiarrean %39,2). BPG per capitaren %50aren pareko gutxiengo soldata ezarriko bagenu EAEn hileko 1.332,91 euroko soldata minimoa lortuko genuke 12 ordainalditan eta Nafarroan 1.194,88 eurokoa.

Batzuek pentsatu dezakete ezin dela BPGaren erdia gutxiengo soldatara bideratu, eta ez da hori lerro hauetan esaten dena: BPG per capitaren %50aren pareko gutxiengo soldata ezartzeak langile txiro eta prekarioenei mesedetuko lie, soldata hori ez luketelako kobratuko BPG per capita kalkulatzeko kontuan hartzen diren adingabe, langabe edota erretiroa hartu dutenek, besteak beste; ezta soldata kopuru hori baino altuagoa duten langileek ere.

Eurpara begira, esan beharra dago Belgikan gutxiengo soldata BPG per capitaren %50,8an kokatzen dela, Estatu frantziarrean %53,4an eta Alemanian %46,3an, besteak beste. Beraz ez da inongo astakeria maila horretako gutxiengo soldata bat edukitzea.

Gainera, azken urteetan Estatu espainiarrean soldaten murrizketa sakona eman dela salatu du, produktibitatea era erraldoian igo den bitartean. Hori dela eta, gutxiengo soldata igotzeko arrazoiak soberan daudela baieztatuz.

 

Gutxiengo soldata eta beste kopuru esanguratsuen arteko alderaketa 2015ean

(pobrezia erlatiboaren azken datua 2014koa)

Hileko euroak

12 alditan

Gutxiengo soldata

Pobrezia erlatiboa

BPG per capitaren %50

Batezbesteko soldataren %60

EAE

756,70

812,00

1.332,91

1.169,95

Nafarroa

833,00

1.194,88

1.049,03