Kutxabank: borrokak jarraitzen du ez uzteko kapital pribatuaren esku

2017/04/20
Kutxabank sortu eta berehala orduan zeukan Mario Fernandez agintariak finantza erakundea pribatizatzeko saiakera egin zuen. Tartean ELAk egindako borrokari esker, agintariak kargua utzi eta pribatizazioa gelditu egin zen.

Esan beharra dago azken egunotan Mario Fernandezek egindako gestio txarra berriro azaleratu dela: epaitegi batek ebatzi du bidegabeko jabetzea egin zuela, beste gaizkideekin batera, Cabieces Kasua deiturikoaren baitan.

Agintari berriarekin ez dago argi zer gertatuko ote den. Euskal finantza sisteman duen garrantzia goraipatu berri du Eusko Jaurlaritzako kontseilari den Pedro Aspiazuk eta baita Ekai Centerrek ere, biek plazaratuz nolabaiteko kontrol eta erabilgarritasun publikoa izan behar duela.

Banku bilakatu diren aurrezki kutxen aginte eredua publikoa izaten jarraitu dezan, erreserba funts bat osatu behar dute jabe diren fundazio publikoek. Zehazki, bankuen %50 baino gehiago kontrolatzen duten fundazio publikoek izan beharreko erreserba funtsaren kopurua duten aktibo arriskutsuen %0,6 beste izan behar da. Kutxabanken kasuan BBK da funtsa eratu behar duena, guztira 239 milioi eurokoa.

Estatu espainiarreko Bankuak esan berri duenez, funts hori eratzeko epemuga bi urtez atzeratuko da, 2022ra arte. Hortaz, gero eta aitzakia gutxiago dituzte Kutxabank saldu eta pribatizatu nahi dutenek; erakundearen publikotasuna defendatzen dugunok, aldiz, gero eta arrazoi gehiago ditugu gureari ekiteko.

ELAk borrokan jarraituko du Kutxabankek publikoa izaten segitu dezan. Gainera, gero eta pertsona eta eragile gehiago daude horren alde. Indarrak batuz eta borrokan jarraituz Kutxabank publikoa izango da, eta gizartearentzako erabilgarriagoa izateko aukera mantenduko da.