Langabeziaren jaitsiera txikiak kontratu prekarioen hedapena dakar (%93,5)

2017/08/02
167.207 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian eta %63,3ak ez du inolako prestaziorik jasotzen. Egoera kezkagarria da Hego Euskal Herrian, langabeziak maila altuan segitzen duen bitartean langabeen gehiengoa inolako babesik gabe baitago eta egiten diren kontratuak oso prekarioak baitira.

Langabeziak behera egin duen arren, oraindik ere 167.207 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian: 131.269 EAEn eta 35.938 Nafarroan. Horietatik 94.618 emakumeak dira eta 10.526 gazteak.

Egindako kontratuak 129.008 izan dira azken hilabetean, ia denak aldi-baterakoak izanik (%93,5 hain zuzen). Aldi baterako kontratuak ugaritu dira Nafarroan (%94,5), EAErekin alderatuta (%93,1). Kontuan hartu beharra dago aldi baterako kontratuen erdia gehienez 30 egunerako izaten ari dela, eta kontratu guztien herena baino gehiago jardunaldi partzialetarako dela.

Langabeziagatiko prestazioei dagokienez, maiatzean langabe zeuden 171.009 pertsonetatik soil-soilik 62.676k jaso zuten babes-sistemaren estaldura, langabeen %63,3 inolako prestaziorik gabe geratu zelarik. Gainera, hartzaileen %54,9ak besterik ez zituen jaso kontribuzio-mailako prestazioak, gainontzeko %45,1ak sorospen erako prestazio murritzagoak jaso zituelarik.