Bi txio, 45 egun

2017/04/06
Maria Solaetxe
45 eguneko isuna ezarri diote Maria Solaetxeri. 45 egun soldatarik gabe, lan baldintza prekarioak sare sozialetan salatzeagatik. Gertatutakoa azaldu du honako testuan.

bZERO MARKETING INTEGRAL enpresak Eroski-ren Arreta Zerbitzua eskaintzen du Telemarketin Sektorean, hau da, azpikontratatutako langileak gara. Sektore honetan lan egiten dugun gehiengoa emakumeak gara. Emakume esplotatuak.

Oso lan baldintza kaskarrak ditugu: 800€ inguruko soldatak, lanaldi partzialak, subrogaziorik gabe, lan baldintzetan funtsezko aldaketak eta barne malgutasuna ezartzen dizkigute, eta ez dituzte lanbide-kategoriak aintzat hartzen.

Lan zentroaren baldintzak ere negargarriak dira: ordenagailuek eta lanerako beharrezkoak diren aplikazioek ez dute ondo funtzionatzen, deien erdian itzaltzen dira ordenagailuak, bapatean aplikazioak ez dabiltza, ez ditugu bezeroak entzuten, etab., aireztapen gutxi, argiztapen eskasa, aulkiak zikin eta hondatuta daude, eta horren ondorioz muskuluetako ondoezak jasaten ditugu langileok. Horrez gain, baimena eskatu behar dugu komunera joateko, eta langileon komuna lan zentrotik kanpo dago, eraikinean. Banan-banan, egin behar ditugu atsedenaldiak, horrek dakarren isolamenduarekin, eta garai batean gure artean hitzegiteko debekua ere jaso genuen. Presioa jasotzen dugu, ahalik eta dei gehiago erantzuteko, denbora laburrenean, eta enpresa eta zerbitzu ezberdinei ematen diegu arreta era berean.

Eta hau guztia gutxi ez balitz bezala, Aldi Baterako Laneko Enpresen (ETT) bidez azpi-azpikontratatzen dute langile asko, lege-iruzurrean.

Eta gainera, irribarre telefoniko batekin egin behar duzu lan! Aurpegi gogorra behar da gero, ditxosozko irribarre telefonikoa eskatzeko, bizi dugun miseriarekin!

Errealitate gordin hau 12 urtez bizi izan dut. Urak gainezka egiteko falta zen tanta, aurreko Gabonetan izan zen. Eroskik 2 lote zozketatu behar zituztela jakinarazi zigun bZERO-k, Intraneten bidez, langile guztion artean.

Markakoa da enpresa hauena, prekarietatean bizi garen 80 langileen artean, 15€-ko bi lote zozketatzea, argi-indarra eta berogailuak gure etxeetan ezin ditugunean piztu, alokairuei aurre egin, edota elikadura osasuntsu bat eramateko ez garenean gai, jasotzen dugun soldatarekin.

Baldintzak jasangaitzak zirenez, sare sozialen bidez, zehazki Twitterren bidez, salatu nuen egoera hau, eta horren ondorioz, 45 eguneko isuna ezarri didate enplegu eta soldatarik gabe, falta oso larria leporatuz.

Ez zen lehen aldia izan, aurretik ere, hitzaldi, blog, Twitter eta Facebook, eta komunikabideen bidez salatu izan ditut pairatzen dugun prekarietatea.

Orduan, zergatik eman dute orain pausua? Zer da hainbeste gogaitu eta mindu diena?

Batetik, Eroski-ren jarrera aipatu nahi nuke. Ez zaie batere gustatu, bere izena eta prekarietatea lotu izana. Eusko Label marka saltzen duen enpresa honek, lehen aktibitateko (salerosketa) ez diren zerbitzuak azpikontratatzen ditu, lan baldintza eskasen ardura (erantzunkizuna) saihesteko asmoarekin, aldi berean langileak kontrolpean edukiz.

Bestetik, bZEROren jarrera, langileak ixilaraztea du helburu. Jasaten ditugun lan baldintza prekarioak, publiko ez egitea. Zaborra, alfonbrapean ezkutatuz. Gure lan baldintza ixiltasunean sufritzea, hemorroideen iragarkian bezala. Ez gaituzte antolatuta nahi, isolatuak eta bakarka nahi gaituzte; antolatuz gero, badakitelako aurre egingo diegula. Eta hori ezin dute onartu. Eta horregatik, hain zuzen ere, ezarri didate isuna, eredugarria izan dezan. Bere mezua argia da, lan baldintza prekarioak salatzen dituenari, soldata kentzea, badakitelako nire diru-sarrera bakarra, soldata dela. Eta horrekin, bozatu nahi naute. Isilik ez dena mantentzen, ondorioak pairatu behar, hara hor, mezua eta xantaia. Eta lortzeko, adierazpen askatasuna murrizten dute, mozal legea ezarriz. Adierazpen askatasuna urratzen dute, erosoago sentitzen direlako jazarpen sindikala bultzatzen. ELA eta bere ordezkari, militante eta aldekoak menderatuak izatea nahi dute. Garai gogorrak bizi ditugu, eta bizi beharko ditugunak... Gure kontra ari dira bortizki.

Dena gure kontra izanda, ez diegu utzi behar. Ezinbesteko tresna dugu ELA guzti hau gauzatzeko: Antolatzea, egoera prekarizatuak salatu, diagnostikoak burutu eta partekatu, publiko egin, elkarrekin indar korrelazioak handitu, borrokatzeko. Arrazoia gure alde dagoelako. Sare sozialak ere, ezinbestekoak dira gure helburua lortzeko; XIX. edo XX. mendeko sindikalismoa egiten dugula esaten dute behin eta berriro, baina XXI. mendeko tresnak erabiltzen ditugunean, ez dute batere gustuko.

Jakin dezatela, ez dudala etsiko lan baldintza duinak lortu arte! ELAk ez duela etsiko! Jai daukatela! Ditugun tresna guztiak erabiliko ditugula, ohikoak, oraingoak eta sortuko ditugunak. ELAko militanteak aurrean izango gaituztela beti!

Gora Euskal langileria!

Gora ELA feminista!

Gora gu ta gutarrak!