Hotel Abandoko Epaia jatetxean akordioa: enplegua egonkorra izango da

2017/05/09
Lau egunez greba egin ondoren, Abando hoteleko Epaia jatetxean enplegua egonkorra izango dela bermatzen duen akordioa iritsi da. Abando hotela Aranzazu taldearen esku dago, eta honek erabaki zuen hotelean dagoen Epaia jatetxea errentan jartzea. Horren eraginez bertan lan egiten duten 5 pertsonek enplegua galtzeko beldurra zuten.

Lau egunez greba egin ondoren, Abando hoteleko Epaia jatetxean enplegua egonkorra izango dela bermatzen duen akordioa eskuratu da. Greban beharginek erabateko batasuna erakutsi dute, eta horrela enpresa berrira subrogatuta pasata ere lan-baldintzak mantenduko zaizkie. Gainera, akordioko blindaje klausulak babestu egiten du kaleratze objektiboen aurka, eta bermatuta dago erantzukizun solidarioa langileen soldatak ordainduko ez balira.

ELAk akordioa oso ona dela uste du, eta zoriondu egin ditu langileak. Argi geratu da, oraingoan ere, antolatuz gero lan-baldintzak mantendu eta hobetzeko aukera dagoela.