Kutxabank Usurbilgo Ingemar presionatzen ari da langileak kaleratzeko

2017/05/26
INGEMAR, S.A.ko Enpresa Batzordeak aste honetan jakitera izan duenez, INGEMAR, S.A.ko langileen etorkizuna kinka larrian dago. Usurbilgo enpresa hori, Galiziako INGEMARGA eta CORPORACION INGEMAR, hirurak, GRUPO INGEMAR, S.A.ri dagozkio, eta hartzekodunen konkurtsoan daude urtarrilaz geroztik.

Hainbat informazioren arabera, KUTXABANK erakundea, konkurtsoko hartzekoduna denez, estutzen ari da Usurbilgo plantilla osoarentzako amaierako EEE bat irekitzeko, enpresaren jabetzako lursailak bereganatu eta etxegintza-arloko diru-jana egiteko.

Informazio hori egiaztatzen bada, ondorioa guztiz larria izango da, euskal kutxen bankarizaziotik eratorria. Ez da onargarria, Ingemar lantegiko 75 langileak beren lanpostuen aldeko borrokan dauden bitartean, Kutxabank azpijokoan aritzea, enpresarekin bat eginez, langileak kalean uzteko, espekulazio-interesengatik.

Ingemarko langileen egoera latz honetatik inoiz baino garbiago ikusten dira euskal kutxen bankarizazioaren ondorioak eta finantza-tresna horiek gabe geratzearen ondorioak. Bankarizazioaren alde agertu ziren alderdi politikoek eta erakundeek azalpenak eman beharko zituzten orain Kutxabanken sustraien faltari buruz, eta ekoizpen-sarearekiko eta enpleguarekiko konpromisorik ezari buruz.

Ingemarko langileok borrokan jarraituko dugu. Gure lanpostuen alde egiten jarraituko dugu, joan diren urteetan bezala, Zuzendaritzak Usurbilgo plantilla kentzeko dituen asmo despotikoei aurre eginez. Kutxabank, eta haren inguruko alderdiak eta erakundeak, enpresaren asmoetara lerratzen badira, haiei ere aurre egingo diegu, gure interesen kontra ari baitira.

Bukatzeko, Enpresa Batzordetik tinko eskatzen diogu KUTXABANKi argi hitz egiteko, eta esandako asmoa egiazkoa izatekotan zuzentzeko.