Maiatzaren 17a, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna

2017/05/17
Gaur, Maiatzaren 17a, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, elkarretaratzeak antolatu dira Hegoaldeko hiriburuetan LGTBI kolektiboaren eskubideen alde, "Ez hemen, ez inon" lelopean. Donostian 19:30etan izango da, Bulebarrean. ELAk ere bertan parte hartzera deitzen du.

Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersex Nazioarteko Elkartearen (ILGA) arabera 72 estatuk sexu bereko pertsonen arteko harreman adostuak zigortu egiten dituzte oraindik, eta 45etan legea emakume zein gizonei aplikatzen zaie.

Gaur egun Nazio Batuetako kide diren zortzi estatutan (edota hauetako zati batzutan) heriotza zigorra ezartzen da sexu bereko pertsonen arteko harreman adostuen kasuetan, eta beste bostetan heriotza zigorra teknikoki ezar daiteke. Beste 14 herrialdetan zigorrik gogorrena 14 urtekoa izan daiteke, baina hortik gora baita biziartekoa ere.

ELA sindikatuak argazki hau salatu egin nahi du; horrelako errealitatearen aurrean ezin dugu entzungor egin, eta Giza Eskubideak horrela urratzen direlarik geure ahotsa are ozenago entzunarazi behar dugu.

Lan munduan ELA sindikatuak ikusten ditu zuzenean eta zeharka egunero gertatzen diren diskriminazio kasuak, heteronorma edota genero-identitate arautua betetzen ez delako.

DIBERTSITATE sexual eta afektiboa, gorputz eta bizitza guztien DIBERTSITATEA, oztopo bilakatzen da lan merkatuan eta honetatik kanpo.

Erronka bati aurre egingo diogu, lantokietan neurri eta ekintza lotesleak ezartzeko borroka egiteari; halaber, areagotu egingo dugu geure aliantza eragindako kolektiboekin, LGTBI komunitatearekin edota mugimendu sozialekin.

Horregatik, gure militanteei dei egiten diegu parte har dezaten Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo diren deialdietan:

Donostia: 19:30, Boulevardean
Gasteiz: 20:00 Andra Mari Zurian
Iruñea: 19:00 Mercaderesen
Bilbo: 19:30 plaza Eliptikoan