Hemen zaude: Hasiera ELA-ri buruz
ELA Sindikatua

ELA-ri buruz

1911. urteko uztailaren 23an 178 langilek osatutako talde batek ELA sindikatua sortu zuen Bilbon. Ordutik hona hamaika gorabehera bizi izan ditu sindikatuak, Hego Euskal Herriko sindikaturik nagusiena izatera iritsi arte. Egun 100.000 afiliatu inguru ditu, eta azken hauteskunde sindikaletan %35ko ordezkaritza lortu zuen.

Gerra zibila, klandestinitatea, errepresioa, erbesteratzeak eta heriotzak ere jasan dituzte ELAko hainbat afiliatu beren ideien defentsa irmoagatik. 1977ko egitate sindikala legeztatzearekin batera hasi zen, belaunaldi berrien bultzadaz eta programa berrituarekin, ELAren hedatze prozesua Hego Euskal Herriko txoko guztietan.

ELAk bere-bereak ditu elkartasuna, eraldaketa soziala, langileen interesak defendatzeko prestutasuna, nazio eraikuntzan engaiamendua....beste baloreen artean.

Barne antolaketari dagokionez, barne egituran 12 eskualde batura eta 3 federazio profesional ditu. Bere egoitza nagusia Bilbon kokatuta dago eta egoitza sare zabala du Euskal Herriko herri askotan. ELAk sortutako “Manu Robles Arangiz Institutua”, Fundazioaren helburuak euskal mugimendu sindikalaren balioak garatzea, sakontzea eta hedatzea dira.

Sindikatuaren erabakiak aldioro elkartzen diren Batzorde Eragilearen, Nazio Batzordearen eta Kontseilu Nazionalaren esku daude.